Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketa egingo da irailean
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eskutik Euskaraz Bizi Nahi Dut herri-lasterketak egingo dira irailaren 22an Euskal Herriko hainbat herritan, besteak beste Eibarren. Oraindik ekitaldiaren inguruko zehaztapen guztiak lotzeko beharrean dihardute, baina tartean udako oporrak daudenez, antolatzaileek izen-ematearen ingurukoak ezagutzera eman dituzte, jendea animatzen joan dadin. Hiru modutan egin daiteke izen-ematea: www.euskarazbizinahidut.org webgunearen bidez, eguna baino lehen herri bakoitzean zehaztuko den puntu batean edo lasterketaren egunean bertan. Prezioak, berriz, honako hauek dira: haurren izen-ematea euro bi eta izen-ematea + kamiseta 7 euro; helduen izen-ematea 5 euro eta izen-ematea + kamiseta 10 euro.
Kamiseta hartu ala ez aukerakoa izango da eta ez da dortsalik izango. Lasterketan parte hartzen duten guztiei diploma emango diete, oroigarri gisa, eta diploman bertan zenbaki bat egongo da idatzita, egunean bertan egingo den zozketan parte hartzeko. Partehartzaile bakoitzak 3 opariren (argazki makina, mp3, bideokamera, presio-eltze elektrikoa…) zozketan parte hartuko du.