Euskarazko berba-bikote lehiaketa
Eibarko euskaltegi biek, udalarekin lankidetzan, berba bikoteen lehiaketa antolatu dute. Lehiaketan jendeari gehien gustatzen zaion berba bikotea, izenak eta adjektiboak osatutakoa aukeratuko dute. Antolatzaileek argitu dutenez, berba bikoteak modu askotakoak izan daitezke: begirada zorrotz, irribarre gozo, hanka-gorri, tripa-handi...
Parte hartzaileek euren proposamena euskaltegia@eibar.net edota eibar@aek.org helbidera bidali beharko dute edo, bestela, zuzenean euskaltegietako batera joan eta han ipinitako kutxan sartu. Horretarako azken eguna otsailaren 16a izango da. Lehiakideen proposamen guztiak batzean, jendeak gehien gustatzen zaionari botoa emateko aukera izango du eta irabazlea boto gehien jasotzen duena izango da. Argibide guztiak www.eibarko-euskara.com webgunean eskuragarri daude.