Euskera gozatuz erabiltzeko aukera
Hamabi urte dira …eta kitto! Euskara Elkarteak Berbetan mintzapraktika egitasmoa martxan jarri zuenetik. Euskara ikasleen aldetik euskera praktikatzeko zegoen eskaria ikusirik erabaki zuten egitasmoa martxan jartzea.
Ikasturte hasierarekin batera ekin zion …eta kitto! Euskara Elkarteak informazio kanpainari eta horrek ere ekarri du fruiturik. Talde kopurua ia bizkoiztu egin da eta parte hartzaile kopurua ehun lagunekoa da gaur egun.
Eibarren ez eze, Euskal Herria osoan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den mugimendua da mintzapraktika egitasmoena; ia sei mila berbalagunek dihardute mintzapraktika taldeetan parte hartzen. Eraginkorra den seinale. Izan ere, berbalagunek behin eta berriro errepikatzen duten esaldia da, talde horiei esker gehiago erabiltzen dutela euskera, lotsa gainditu, konfiantza hartu eta euren euskera maila hobetzen dutela.
Astean behin ordubete
Hori bezain erraza. Mintzapraktika egitasmoak ez du besterik eskatzen. Denbora apur bat eta gogoa. Taldeak astean behin elkartzen dira, nahi duten leku eta orduan, eta, akademikotasunetik haratago, modu natural eta informalean, euskeraz berba egiten dute. Aisiarekin lotzeko, irteerak egiten dira urtean birritan eta hilero taldeen arteko hartuemana handitzeko ‘Tribiala’ jokoa ere egiten da. Euskera ondo pasatzearekin oso lotuta dagoela erakusten du Berbetan-en parte hartzeak.
Guraso eta dendariak
Orain dela urte batzuk gurasoei eta dendariei zuzendutako azpiatalak sortu ziren Berbetan-en barruan. Gurasoak, beste askotan moduan, eredu direlako seme-alabentzako euskeraren aldeko jarrera lantzerako orduan; eta, dendarien kasuan, bezeroari eurekin euskera egiteko aukera emanez, kalidade plus-a eskainiko lukeelako. Taldean parte hartzea doan da eta, izena ematea nahi izanez gero, …eta kitto!-ra deitu (943200918).
Parte-hartzaileen iritzia
Belen euskara ikaslea da eta aurten eman du izena lehenengoz mintzapraktika egitasmoan. Bi taldetan dihardu, astean bi egunez: bi ordu eta erdi guztira. Orain dela hiru urte hasi zen euskera ikasten, zerotik hasi ere: “Barakaldokoa naiz eta nire inguruan ez dut sekula euskaldunik izan. Euskaltegi batetik bestera ibili naiz, baina orain premiarik handiena, erabileran nuen. Berbetanek eman dit horretarako aukera ezin hobea”. Egitasmoak zer eman dion galdetzerakoan, argi du Belenek: “Euskera gozatuz ikasteko aukera eskaini dit Berbetan-ek. Eta, berba egiterako orduan, oraindik ere sarritan lotsa ematen badit ere, naturaltasuna, konfiantza eta arintasuna lortzen dihardut”. Jendea izena ematera animatzen du Belenek: “Hizkuntza bat zertarako ikasi, gero erabiltzen ez badugu? Euskal Herrian bizi gara eta euskera da gure hizkuntza, eta denon artean eutsi behar diogu”.
Ane euskalduna da eta berak ere aurten eman du lehenengo aldiz izena Berbetan-en: “Aspalditik neukan gogoa. Azken finean, euskararen erabilera sustatzeagatik eman nuen izena; jakin askok dakigulako, baina erabilera beste kontu bat da”. Taldean denbora gutxi daraman arren, aldaketarik igarri du taldeko euskaldun berrien artean: “Lotsa galtzen doaz, belarria egiten dute, konfiantza hartu, berba edo esaera berriak
ikasi… eurak asko eskertzen dute”. Anek ere zalantza izpirik gabe animatuko luke jendea parte hartzera: “Ez dakitenek ikasi eta dakigunok berba egin behar dugu. Ez dago besterik. Eta asko jakin ez arren edo ikasten egon arren, berba egiteko prest dagoenari lagundu egin behar diogu, denon artean euskera geroz eta gehiago erabiltzeko”.