“Euskeraz Primeran!” Merkataritza Galak euskara sarituko du gaur

Coliseo antzokian egingo den ekitaldia 20:15ean hasiko da
2024/11/14 13:57
eta kitto!

Herriko merkataritza jantzi onenekin apainduko da gaur iluntzean. Izan ere, ...eta kitto! Euskara Elkarteak herriko hainbat establezimenduk euskararen erabilera handitzeko hartutako konpromisoak betetzea sarituko du “Euskeraz Primeran!” Merkataritza Galan. Ekitaldia Coliseo antzokian egingo da eta 20:15ean emango zaio hasiera.

Elkartetik adierazi dutenez, ospakizun bat izatea nahiko lukete: “Eibarko merkatariak zoriondu nahiko genituzke egunero egiten duten ahaleginagatik, Eibarren kalitatezko eta gertuko produktuak eta zerbitzua ematen dizkigutelako, herria bizirik mantentzen dutelako eta euskararen erabilera handitzeko ezinbesteko gakoak direlako. Horregatik, saria jaso edo ez, programako partaide diren guztiak gonbidatu ditugu Galara, denak direlako ezinbestekoak”.

Galan, merkatari bakoitzak bere saria jasotzeaz gain, musika emanaldiren bat ere izango da eta antolatzaileek aurreratu nahi izan ez duten sorpresaren bat edo beste ere bai.

 

Euskeraz Primeran!

Euskeraz Primeran! programa 2014an jaio zen …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik eta egun 400tik gora establezimendu daude proiektuarekin bat eginda. Hainbat ekimen eta kanpaina garatu ditu ...eta kitto!-k denda eta tabernetan euskararen presentzia zein erabilera sustatzeko, eta materialak ere prestatu eta banatu ditu: janari eta elikagai posterrak, tabernetarako eskuliburuak, mahai-oihalak eta QR kodeak, jantzi, zapata eta osagarrien posterrak, eskuoihalak, azukre zorrotxoak, euskal musika zerrendak tabernentzat…

Horretaz gain, oso garrantzitsua da urte osoan zehar elkarteak doan eskaintzen duen itzulpen eta zuzenketa zerbitzua, momentuan, whatsappez ere erantzuten dena eta eguneroko menuak, ohar laburrak, sare sozialetarako mezuak… euskaraz izan daitezen laguntzen dutenak.

Kanpaina eta ekimenen artean badira bi aipamen berezia merezi dutenak: gilda lehiaketa, aurten abenduaren 10, 11 eta 12an izango dena, eta neguko zein udako merkealdien azokan edo factoryn-a, non …eta kitto!-k bezeroengan eragiteko asmoz postutxo bat izaten duen, jarduera ludikoren bati lotua, euskararen erabilera bultzatzeko edo sentsibilizazioa lantzeko.

Baina aldaketak emateko benetako ahalmena dutenak dendari eta tabernariak dira, euren erabakiek (lehen hitza euskaraz egitea, denda barruko oharrak euskaraz egotea…) eragin zuzen-zuzena baitute elkarrizketak euskaraz izateko orduan.

Horrela, batzuk gaitasun edo ohitura faltagatik, lehen hitza euskaraz egitera mugatzen dira. Keinu txikia eta merkea bada ere, izugarrizko eragina duen praktika da, hortik aurrera elkarrizketa euskaraz izateko aukerak handiagoak direlako.