Eusko Jaurlaritzak ehun eskola jazarpen kasu atzeman ditu, gehienak DBH-n

Eusko Jaurlaritzak ehun eskola jazarpen kasu atzeman ditu, gehienak DBH-n
2021/05/03 13:05
eta kitto!


Joan zen 2019-2020 ikasturtean, eskola-jazarpen gisa identifikatutako 100 kasu egon dira Euskadiko ikastetxeetan; hau da, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 795 kasuen % 12,58. Gaur, eskola jazarpenaren aurkako nazioarteko egunaren biharamunean, eman dituzte datuak Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Maite Ruiz hezkuntza ikuskari nagusiak. Ziurtatu dutenez, kasu gehiago identifikatzen dituzte ez jazarpena areagotu delako, gero eta sentsibilizazio handiagoa dagoelako baizik.

 

Sentsibilizazioa

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, "datu hauen atzean aurki daitekeen azalpen nagusia, hezkuntza komunitatean eta gizartean, oro har, bullying-arekiko dagoen gero eta sentsibilitate maila handiagoa aurkitzen da, jazarpen kasuen gorakada bat baino gehiago".

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 100 kasu horietatik 63 etapa honi dagozkio. Antzeman diren kasuen izaera edo tipologia aztertuz berriz, gehien gertatzen diren eraso motak honako hauek izan dira: hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio soziala, edo eraso fisikoa.

Azpimarratzekoa da, bestalde, identifikatutako kasu horien %25ean jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberbullying kasuak esaten zaie hauei.

Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruan igoera apala izan dela ikus daiteke (755etik 795era egin du), baina ez da igo, hein berean, jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopurua: 96 kasutik 100 izatera igaro baitira. Beraz, ehunekotan, azken bi ikasturteetan jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopurua egonkortu egin dela ikus daiteke, beherakada oso apalarekin: 2018-2019 ikasturteko % 12,72tik 2019-2020 ikasturteko % 12,58ra. Nabarmentzekoa da azken hamarkada pasatxo honetan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2008-2009 ikasturtean 75 kasu izatetik, joan den ikasturtean 795 izatera); hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruan: 39 kasutatik 100era, hamabi ikasturteko epe berean.

 

Bizikasi ekimena

Hezkuntza Sailak  orain dela lau urte abian jarri zuen Bizikasi eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimenaren berri eman du. Bullying-ari aurrea hartzea eta mozorroa kentzea du helburu ekimen honek, ikastetxeak eta ikasleak eurak ere ahaldunduz. Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia Bizikasi ekimenaren webgunean dago eskura. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dago.