Ezohiko bilkura egingo du Udalak sokamuturra bertan behera uztea eskatzen duen mozioa aztertzeko

Sokamuturra Ez plataformak aurkeztutako ekimenak beharrezko babesak lortu ditu udalbatzan eztabaidatzeko. Mozioak Sanjuan jaietarako aurreikusitako hiru sokamuturrak bertan behera uztea proposatzen du.
Ezohiko bilkura egingo du Udalak sokamuturra bertan behera uztea eskatzen duen mozioa aztertzeko
2026/06/11 08:48
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak ezohiko osoko bilkura egin beharko du datozen egunetan, Sanjuan jaietarako aurreikusitako sokamuturraren inguruko mozio bat eztabaidatu eta bozkatzeko. Sokamuturra Ez plataformak aurkeztu du ekimena, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal taldeen babesarekin erregistratu dute.

Mozioaren bidez, plataformak eskatu du ekainaren 21erako, 24rako eta 25erako iragarritako sokamuturrak bertan behera uztea. Horrez gain, animaliekiko tratu txarrak dakartzaten ekitaldiak ez antolatzea eta ez diruz laguntzea ere proposatzen du, baita jaietako programazio-irizpideak Jai Batzordean adostea ere.

Ezohiko bilkura egiteko eskaera 12 zinegotzik sinatu dute: EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek. Udal araudiaren arabera, udalbatzako kideen laurdenak hala eskatuz gero, alkateak bilkura deitu behar du nahitaez. Kasu honetan, beharrezkoak ziren sei sinadurak gainditu dituzte, eta alkateak lau eguneko epean egin beharko du deialdia.

Sokamuturra berreskuratzeko udal gobernuak hartutako erabakiak eztabaida piztu du azken egunetan. Sokamuturra Ez plataformaren arabera, asteburu bakarrean 600 sinadura baino gehiago bildu dituzte ekimenaren aurka. Orain, mozioa udalbatzaren esku geratuko da, eta bertan erabakiko dute sokamuturrak mantendu ala bertan behera utzi.

Plataformak eskerrak eman dizkie EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi mozioa osoko bilkurara eramatea ahalbidetzeagatik, eta udalbatza osoari eskatu dio animalien aurkako tratu txarrik gabeko jai-eredu baten alde egiteko.