Fabrikazio mekanikoaren arloan enplegua sustatzeko programa jarri dute abian

Fabrikazio mekanikoaren arloan enplegua sustatzeko programa jarri dute abian
2024/02/05 16:24
eta kitto!
Eibarko Udalak fabrikazio mekanikoaren arloan enplegua bultzatzeko programaren beste edizio bat jarri du abian Armeria Eskolarekin batera. Horren helburua langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko 15 pertsonaren laneratzeko gaitasuna hobetzea da, eta neurrira egindako ibilbideak eskainiko dizkiete horretarako.

Aurreko edizioetako emaitza onak ikusita, Udalak programa errepikatzea erabaki du. Izan ere, iazko edizioan parte hartu zuten 15 pertsonetatik erdiek baino gehiagok lortu zuten lan-merkatuan sartzea kontratu baten bidez, eta % 30ek beren formakuntza-prozesuan jarraitu zuten, beste formakuntza-ibilbide batzuen bidez.

Guztira, 8 hilabeteko programa izango da eta txirbil-harroketa bidezko mekanizazioa, orga jasotzaileak gidatzeko prestakuntza eta gaitasun pertsonalei buruzko formakuntza eskainiko dira. Gainera, gutxienez 60 orduko praktikak egingo dira enpresetan eta parte-hartzaileek lan-munduan txertatzeko laguntza jasoko dute.

Klaseak Armeria Eskolako instalazioetan emango dira eta kurtso-hasiera otsailaren amaieran izango da.

 

Parte-hartzeko baldintzak

Programan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: Eibarren erroldatuta egotea, langabetua izan edo lan prekarioa edukitzea, edo Lanbiden izena emanda egotea. Gainera, ezinbestekoa da gaztelaniaren behar besteko maila edukitzea, bai ahoz bai idatziz, eta baloratu egingo da esperientzia profesionala edota ezagutzak izatea fabrikazio mekanikoaren alorrean.

Izena emateko epea zabalik egongo da otsailaren 5etik 24ra, egun biak barne. Interesdunak Pegoran eman ahalko dute izena aurrez aurre, edo www.eibar.eus webgunean modu elektronikoan. Bigarren kasuan, beharrezkoa izango da ziurtagiri digital bat edukitzea (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela, eta abar.).

Aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskatzailearen NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, lan-bizitza edo curriculum vitae eguneratua.