Familiek gaurko protestara deitu dute Untzagan haurreskoletako egoera salatzeko
Duela hilabete egin bezala, hainbat familiak protestara deitu dute gaur 18:30ean Untzaga plazan. Eibarko haurreskoletan gutxieneko baldintzak bermatu daitezela aldarrikatuko dute. Familiek urtebete baino gehiago daramate plaza faltari konponbidea eskatzen.
Pasa den ostiralean, apirilaren 24an, Jazinto Olabe eta Blas Etxeberria auzoetako haurreskola berrietako plazen behin betiko zerrendak argitaratu ziren. Eibarko Udalak urtarrilaren amaieran iragarri zuen zentro horien obrak amaituta zeudela eta orain kudeaketa Haurreskolen Partzuergoaren esku dagoela.
Gurasoek azaldu dutenez, hasiera batean, bi zentroek 40 plaza berri eskainiko zituztela aurreikusi zen. Bestalde, hezkuntza sailak 36 bakarrik onartu zituen (16 Blas Etxeberrian 0-1 urte dituzten haurrentzat eta 20 Jazinto Olaben 1-2 urteko haurrentzat). Hala ere, behin zerrendak argitaratuta, gurasoek diote arazoa ez dela konpondu. Haien arabera, Jazinto Olabeko haurreskolan 1-2 urte bitarteko haurrentzat 20 plaza eskaini arren, lau ume baino ez dira bertan egongo. Gurasoek azaldu dutenez, kanpoan gelditu diren sei haurrak (0-1 urtekoak izan arren) bertara bideratzeko eskaera egin diote Hezkuntza Sailari, baina ezezkoa jaso dute.
Beste guraso batek jakinarazi duenez, bere alabak irailean sartzeko asmoa badu ere, ez du argi tokirik izango duenik: “Orbean 1-2 urteko haurrentzat 15 plaza besterik ez daude, eta 37 matrikula eskaera inguru jaso dituztela esan ziguten”.
Plaza faltaz gain, bestelako gabeziak ere salatu dituzte familiek. Besteak beste, haurreskoletan haurren gurpildun aulkiak uzteko tokirik ez dagoela nabarmendu dute. Blaseko haurreskolan, gainera, Partzuergoaren ohar baten arabera, “haurreskola ez da kargu egingo kanpoan uzten diren haurren aulkietaz”. Gurasoen salatu dute, aulkientzako gutxieneko espazioa izatea ezinbestekoa dela.
Bestalde, hainbat gurasok kexak helarazi dizkiote Udalari. Honek jakinarazi du eskaerak dagokion zerbitzura bideratu dituela eta arazoari konponbideak bilatzen eta familiei erraztasun gehiago ematen saiatuko direla.
Egoera horren aurrean, protestarako deialdia zabaldu dute: guraso, haur, aitxitxa-amama eta zaintza lanekin lotutako herritar guztiei parte hartzeko eskatu diete. Mobilizazioa ikusgarriagoa egiteko, haurren gurpildun aulkiak eta zarata ateratzeko tresnak eramateko gonbita ere egin dute.