Dozenaka familiek haurreskoletan plaza nahikorik ez dagoela salatu dute
Dozenaka lagunek protesta egin zuten ostegun arratsaldean Eibarko Untzaga plazan, herriko haurreskoletan plaza nahikorik ez dagoela salatzeko. Elkarretaratzea hainbat familiak deitu zuten, seme-alabak 0 eta 2 urte arteko haurreskoletan matrikulatzeko zailtasunak dituztela salatzeko.
Familien arabera, plaza faltak egunerokoan ondorio zuzenak ditu: guraso batzuek laneko eszedentziak hartu behar izan dituzte edo lanaldia murriztu, eta beste batzuek inguruko herrietako haurreskoletara jo behar izan dute seme-alabak matrikulatzeko.
Arazoa areagotu egin dela diote, batez ere haurreskolen zerbitzua doakoa bihurtu zenetik, eskaera handitu egin baita. Horren aurrean, familiek salatu dute administrazioen aldetik informazio falta eta ziurgabetasuna nagusi direla oraindik.
Eibarko Udalak azaldu izan du azken hilabeteetan bi lokal egokitu direla haurreskolak hartzeko, guztira 40 plaza inguru sortzeko helburuarekin. Espazio horiek Haurreskolen Partzuergoari laga zaizkio zerbitzua martxan jar dezan.
Hala ere, familiek diote plaza berriak oraindik ez direla martxan jarri eta ez dagoela matrikulazioari edo irekierari buruzko egutegi argirik. Horregatik, irtenbide azkarrak eta informazio zehatzagoa eskatu dituzte.
Familien ustez, haurreskolen auzia ez da soilik hezkuntzari lotutako kontua, baizik eta familia eta lanaren arteko bateragarritasunean eragin zuzena duen arazo soziala ere bada.