Familien arteko Altxorraren Bila antolatuko du ...eta kitto!-k maiatzean

Izen-ematea barixaku honetan zabalduko da
Familien arteko Altxorraren Bila antolatuko du ...eta kitto!-k maiatzean
2024/04/10 12:32
eta kitto!

2024ko Familien arteko Altxorraren Bila maiatzaren 10ean antolatuko du ...etakitto! Euskara Elkarteak, Lehen Hezkuntza osoko ikasleentzat eta euren familientzat. Taldeka eman beharko da izena eta taldeak, asko jota,10 kidekoak izango dira. Taldekideak familia berekoak edo kuadrillakoak edo lagunak izan daitezke, baina bi-lau heldu egon beharko dira talde bakoitzean. Ezinbestekoa izango da gutxienez helduetako batek ahozko zein idatzizko euskara ulertzea.

 Jokoa Untzagan hasiko da, 17:15ean, "bertan jasoko dute taldeek lehenengo pista eta, hortik aurrera, asmatzen joan ahala pista berriak jasoko dituzte helmugara iritsi arte. Amaieran sariak egongo dira parte-hartzaile guztientzat. Oso proba dibertigarriak izango dira, familian edo lagun artean oso ondo pasatzeko modukoak",diote elkartetik.

Izen-ematea datorren barixakuan, apirilak 12, zabalduko da eta apirilaren 30era arte luzatuko da. Horretarako, www.etakitto.eus webguneko inprimakia bete, 943200918 telefonora deitu edo elkarteko bulegotik pasa (Urkizu 11 solairuartea).