Fatxadak zaharberritzeko eta igogailuak jarri edo konpontzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik
Honako lanak izango dira diruz lagunduko direnak: fatxadak zaharberritzea, igogailuak jarri edo ordeztea, igogailuak zero kotara jaistea irisgarritasuna pegoratik bermatzeko (lehendik dauden desnibelak kenduz) edota plataforma jasotzaileak jartzea.
Igogailuen kasuan, eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak eta jarduerak dira diruz lagunduko direnak: bizitegi-eraikinen barruan edo eraikinetara iritsi ahal izateko kanpoko aldetik igogailuak ipintzea edo igogailu zaharrak kendu eta berriak ipintzea, 0 kotara jaisteko obrarekin; modernizazioak; arrapalak eta plataforma jasotzaileak jartzea, bai eta pegorarainoko desnibela gainditzeko edo pegoraren eta igogailuaren arteko desnibela gainditzeko balio duen beste edozein obra.
Fatxadak eraberritzeko programaren kasuan, baldintza hauek bete behar dituzte egingo diren obrek: eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak izatea, eraikin bateko fatxada edo fatxadak lehengoratzea helburu izatea, fatxaden konposizio-batasunari eragin gabe. Diruz lagunduko dira eraikuntza-konponbideen aldaketa dakarten zaharberritze-obrak, baldin eta, aldi berean, fatxadaren jatorrizko baldintzak edota inguratzaile termikoa hobetzea badakarte.
Igogailuen kasuan bezala, eraikinak azalera erabilgarri osoaren bi heren gutxienez etxebizitzako erabilera izan behar du, hamar urtetik gorako antzinatasuna, hirigintzarako egokia izan behar da, eta ez da egon behar aurri-egoeran. Eta gainera, fatxadako elementuek konposizio-batasuna izan behar dute.
Bestalde, dirulaguntzak jaso nahi dituzten eraikinek, igogailuetakoek zein fatxadetakoek, dirulaguntzaren eskaera formalizatu aurretik EIT dokumentua egina eta aurkeztuta eduki beharko dute.
Aurtengo gehieneko zenbatekoak hauexek izango dira: igogailu berria jartzeagatik ematen den laguntza ez da 9.900 eurotik gorakoa izango; igogailu zaharra kendu eta zero kotara jartzeko obra egiteagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, zenbatekoa ezingo da izan 7.425 eurotik gorakoa; igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 4.950ekoa izango da emango den gehieneko laguntza; eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 2.475 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.
Fatxaden kasuan, dirulaguntza “oroharreko prezioan” emango da, eta gehieneko zenbatekoa honako hauetatik txikiena izango da: Obraren kostuaren % 10; edo 6,6 euro zaharberritutako fatxadako metro koadro bakoitzeko. Gainera, zenbatekoa 13,2 eurokoa izango da fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada.
Ateratzen den zenbatekoari, erakunde publikoek fatxada egiteko eskatzen dituzten ezohiko kostuen % 20raino gehitu ahal izango zaio, amiantoa kentzeagatik sor daitezkeen kostuak barne.
Aurtengo dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta azaroaren 10ean amaituko da (egun hori barne). Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten jabekide-komunitateek dirulaguntzaren deialdia kontsulta dezakete eta eskaera-orriak jaitsi ditzakete www.eibar.eus udal webgunearen “Tramiteak eta zerbitzuak” ataleko “Bekak, diru-laguntzak eta laguntzak” tokian sakatuta. Eskaerak, modu elektronikoan egingo dira, eskatutako dokumentazioa eskaerari erantsita.
Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Programa hau urte luzez sustatu ondoren, ikusi da dirulaguntza hauek oso garrantzitsuak direla irisgarritasuna bermatzeko eta eraikinen fatxadak zaharberritzeko, eta badakigu obra hauek gastu handia direla komunitateentzat; horregatik, herritarrei lagundu nahi diegu, ahal den neurrian, kostua ez dadin izan eraikinean hobekuntza-lanak ez egiteko arrazoi”.