Felix Bergara Azitaingo parrokoa hil da
1968az geroztik Azitaingo Andra Mari elizako parrokoa izan den Felix Bergara Zurutuza hil da, 82 urterekin, luzaroan gaixorik egon eta gero. Bere arimaren aldeko hileta-elizkizuna bihar (zapatua, hilak 23) izango da, 18.00etan Azitaingo elizan.
Eibarren 1930eko uztailaren 10ean jaioa, oso gazte zela sentitu zuen Jainkoaren deiari erantzuteko premia eta 1954an seminariora joan zen, apaiz ikasketak egitera. Zortzi urte geroago, 1962an Jaime Font y Andreu gotzaiak apaizgintza sakramentua eman zion.
Gero, Madrilera joan eta lau urte egin zituen Gizarte Zientziak ikasten, Leon XIII.a Institutuan. Ikasketak 1966an amaitu eta Eibarrera bueltatu zen.
Abade izendatu zutela 50 urte bete ziren iaz eta, hori dela eta, Donostiako Elizbarrutiak Urrezko Ezteiak ospatzeko ekitaldian omendu zuen Felix Bergara 2012ko maiatzean, bere moduan Urrezko Ezteiak ospatu zituzten Elizbarrutiko beste 19 abaderekin batera, Jose Ignazio Munilla gotzaiak zuzendutako mezan.