Fernando Vidartek Aspe pilota enpresako partizipazio gehienak eskualdatu ditu eta Baineten esku geratu da

Aspe-k bere markari eutsiko dio eta egoitza Eibarren izaten jarraituko du
Fernando Vidartek Aspe pilota enpresako partizipazio gehienak eskualdatu ditu eta Baineten esku geratu da
Fernando Vidartek gaur goizean eskaini du prentsaurrekoa operazioaren nondik norakoak argitzeko.
2026/01/19 12:11
Ekhi Belar Errasti

Aldaketa garrantzitsuak ari dira gertatzen pilotaren munduan. “Osasun kontuengatik eta ilusio faltagatik laga diot pilota-enpresaria izateari”, adierazi du Fernando Vidarte Charolak gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan. “Esku-pilotaren onura eta enpresaren eta bertako langileen egonkortasuna bilatze aldera, Aspe enpresako partizipazio gehienak Bainet taldeari eskualdatu dizkiot”, Baiko pilota-enpresaren jatorrizko enpresari.

Erabaki “zaila, baina beharrezkoa” dela adierazi du Vidartek, baina bere familiak partaidetza “sinbolikoa” izaten jarraituko duela aitortu du, inongo kargurik hartuko ez duen arren.

Horrela, enpresaren jabe berria Iker Moreno Morán da, orain arte Bainet-eko (esku-pilotako enpresen irudi eta publizitate eskubideak kudeatzen eta ustiatzen dituen enpresa) finantza zuzendari eta gerentziaren ondoko lanetan aritu dena.

Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, erabakiak ezustekoa eragin du pilotarien artean, baina printzipioz, Aspek izenari, langileei eta taldean dauden pilotariei eutsiko die, eta egoitza Eibarren izaten jarraituko du, baina Baineten menpe egongo da, Aspe marka besterik izango ez delarik. “Ez dakit nola geratuko den Aspe. Jabetza Bainet taldearena da, baina enpresen arteko lehia izango da. Aspeko espirituak bere horretan jarraitzen du", esan du Vidartek.