Fernando Vidartek lekukoa pasa dio Jorge bere semeari Aspeko zuzendaritzan
Eibarko Aspe pilotari profesionalen enpresak aldaketa izango du goi karguan, Fernando Vidarre kudeatzaile nagusia jubilatu eta hemendik aurrera Jorge bere semeak hartuko baitu ardura hori. 1998tik, 25 urte eman ditu karguan gaur 72 urte dituen Fernando Vidartek, eta modu horretan Vidarte familiako laugarren belaunaldia sartuko da pilota munduan, Astelena frontoian hain zuzen ere. Jorge kudeatzaile berriaren Enrique birraitona izan zen lehena, 1924an frontoiaren akzioak erosi zituenean. Alberto haren semea eta kudeatzaile berriaren aitonak jarraitu zion, bere aitaren akzioak herentzian hartuta, eta sasoi horretan enpresak Astelenan eta Zarauzko Cinema frontoian programatzen zituen partiduak. 1985ean Alberto jubilatu zenean, orain arte kudeatzaile nagusia izan den Fernando bere semeak hartu zuen lekukoa, eta bera izan da Aspe enpresa berriko buru orain arte. Baiko enpresarekin batera, biek sortu zuten Esku Pilotako Enpresen Liga.