Festa hotsak entzungo dira asteburuan Santa Kurutzen
Joan den urteko abenduan, Santa Kurutz ermitan kanpaia falta zela ohartu zen mendizale bat. Historiaren lekuko izan da kanpai hori, Gorosta eta Mandiola auzoetakoek prestatutako jai asko bizi izandakoa ere, baina aurten festa galduko du. Bere falta ere igarriko da, baina bertaratzen direnen barre, kantu eta musikek jarriko diete doinua Santa Kurutzeko jaiei.
Asteburu honetan ospatuko dira Santa Kurutz jaiak, zapatuan eta domekan. Jai batzordeak ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu du, “urterokoari eutsiz, aldaketa handirik gabe”, esan digute Eneritz Alberdi Mandiola eta Leire Uranga Celaya batzordeko kideek. “Betiko ekintzei eusten saiatzen gara. Batetik, tradizio direlako. Adibidez, mezari beti eusten diogu. Eta bestetik, oso ondo funtzionatzen duten ekintzak direlako: umeen jokoak, txapel-jaurtiketa... Gainera, hemen ez baditugu horrelako gauzak egiten, inon ez dira egingo. Eta ondorioz, espresuki ekintza horiek ikustera etortzen direnak ere ez dira etorriko”, diosku Eneritzek.
“Jaio nintzenetik etorri naiz jaietara, orain dela 22 urtetik, eta beti izan da berdina. Jaiak ez dira Arrate bestekoak eta, orduan, txosna jartzea zaila da, baina urteekin jende gehiago animatzen bada, zeinek daki”, Leireren berbetan. “Lehen, bertakoek jolasak egiten zituztela gogoratzen dut eta, orain, profesionalak etortzen dira herri-kirolak egitera”. Baina, nolako jolasak ziren? “Karretila eramatea, burua balde barruan sartzea eta handik gauzak ateratzea... Horrelako tontokeriak ziren, baina jendea etortzen zen barre egitera”, gogoratzen du Eneritzek. Gainera, berak, bai gogoratzen du joko horien aurretik ere herri-kirolak egiten zirela: “Erronka modukoak egin izan dira. Ez dut ondo gogoratzen nola, batek aizkorarekin eta besteak motozerrarekin egurra moztea zen edo zer, baina egin izan da ‘pikeren’ bat auzokoen artean”.
Auzokoen lana
Gaur egun, dozena bat lagunek osatzen dute Santa Kurutzeko jaietako batzordea. “Auzokoak bolondres ibiltzen gara: jaiak antolatu, zerbitzatu... dena”, zerrendatzen du Eneritzek. “Gabonak pasatzen direnean egiten dugu lehen bilera: aurten zer egin nahi dugun komentatu, jaiak zein datatan jausten diren ikusi, eta gero lan banaketa egiten dugu: litxarreriak erosi, harategira joan, Udalarekin berba egin...”.
Leire aurten sartu da batzordean eta antolakuntza nola egiten den ikusteko aukera izan du. Adin guztietako jendeak hartzen du parte jaietan eta baita antolakuntzan ere, Leire belaunaldi berrien ordezkarietako bat delarik. “Batzordeari dagokionez, nagusienak berrogeita piku urte izango ditu eta gazteenak hemeretzi”, diote.
Eurentzat, bertakoak izanik, oso jai bereziak dira eta aurretik egon direnen lekukoa hartu duten bezala, atzetik datozenek ere jarraipena ematea espero dute. “Horregatik antolatzen ditugu umeentzako ekintzak, auzoan badaudelako umeak”, dio bikoteak.
Bi eguneko egitaraua
Jaiei hasiera emateko, zapatuan, maiatzak 2, 10:30ean, kanpai hotsak entzungo dira. Baina, kanpaia falta bada, nola egingo dute? “Eskerrak baserritarrei, txintxarriak dituztelako”, diosku Leirek. 11:00etan, meza egongo da Santa Kurutzeko ermitan eta, jarraian, hamaiketakoa Imanol Astiasaran eta Unai Andonegi trikitilariek girotuta. 12:15ean, erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira zelaian, eta haurrentzako jolasak ere egingo dira. 13:00ean, herri-kirolak egongo dira Oihana Fernandez de Barrena, Julen Alberdi, Jon Unanue ‘Goenatxo III’ eta Ainitze Zumetaren eskutik. 14:30ean, bazkaria egingo da Ixua jatetxean (tiketak jatetxean daude salgai) eta, ondoren, erromeria egongo da Astiasaran eta Andonegik girotuta berriz ere.
Hurrengo eguna, Santa Kurutz eguna, ekitaldiz beteta dator baita ere. 09:45ean, Santa Kurutzera igoera egingo da Urkizuko iturritik. Aurrez izena eman behar da, 09:30ean Urkizun bertan, eta gainera, parte-hartzaileen artean bertako produktuekin ostatutako otarra zozketatuko da. “Igoera antolatu genuenetik, kaletarrek oinez igotzeko ohitura hartu dute”, dio Eneritzek. 10:30ean, berriz entzungo dira ‘kanpai’ hotsak eta, 11:00etan, berriz egingo da meza ermitan. Ondoren, hamaiketakoa egongo da Usartza txistulari bandakoek girotuta. Ohikoa den bezala, 12:00etan, dantza emanaldia egongo da Kezka dantza taldearen eta txistularien eskutik. 12:15ean, makilaje tailerra eta haurrentzako jolasak egingo dira (aurtengo nobedadeetako bat). 12:45ean, ‘Potx’ pailazoak ikuskizuna eskainiko du. 13:45ean, txapel-jaurtiketan hartu ahal izango du parte edonork. Eta 14:30ean, ‘kanpai’ hotsekin emango zaie amaiera jaiei.
Azken urteotan eguzkiak lagundu du eta, aurten, eguraldiaren iragarpena ez da hain baikorra, “baina aterri badago, nahikoa!”, Eneritzen ustez. “Iaz, egin zuen beroarekin, ia urtu egin ginen pailazoak ikusten”, gogoratzen du Leirekin. Eguzkia edo euria egin, festarik ez da faltako Santa Kurutzen.