Fikri el Ghabali eta Elga Ariznabarreta, Euskarabentura espedizioaz gozatzen
Uztailaren 1ean, Euskarabentura espedizioaren zazpigarren edizioa jarri zen martxan 127 gazterekin. 400 km zituzten aurretik, Euskal Herria alderik alde zeharkatzeko asmoz. Euskal Herri osotik eta diasporatik etorritako gazteek osatzen dute espedizioa eta euren gidari dira lan-taldea osatzen duten 30 lagun. Ordezkari eibartarrak ere baditugu: Elga Ariznabarreta eta Fikri el Ghabali.
Euskarabenturaren bederatzigarren etapa egiten ziharduten bitartean harrapatu ditugu Elga eta Fikri telefonoaren beste aldean. Iruñea eta Gesaltza-Añana lotzen zituen etapa horrek eta, aurreko egunetako ibilaldiek eta bezperan Iruñeko sanferminetan erromerian dantza egiten pilatutako nekearen eragina nabari zuen bikoteak. “Autobusean lo harrapatu gaituzu”, aitortzen digute barrez. Eurek, ostera, laster ematen diote buelta nekeari, gogotsu baitaude aurretik dituzten kilometro eta ekintzak gauzatzeko.
Elgak kamiseta laranja darabil soinean, jzioquitarra baita bera. Izen hori hartzen dute Euskarabenturako parte-hartzaileek, ‘jzioqui dugu’ baita Euskarabenturaren leloa. Idatziz agertu ziren lehen euskal hitzetatik hartu dute berba hori eta, hitz horien esanahi zehatza zein den ez badakigu ere, hainbat hizkuntzalarik uste dute piztu dugu esan nahi duela.
Jzioquitarrak 15-17 urte bitarteko gazteak dira eta hautaketa prozesua gainditu behar izan dute parte hartu ahal izateko. Elgaren kasuan, zera kontatu digu: “Parte-hartzeko lan bat egin behar da, eta hiru gairen artean aukeratu behar genuen aurten: ‘Emakumeak eta kirola’, ‘Euskara batua eta euskalkiak’ eta ‘Utopia’. Gaiak lantzeko formatu ezberdinak erabili ditzakezu (poesia, bertsoa, bideoa…) eta, nire kasuan, Gabonetan ukelelea jotzen hasi nintzenez, euskara batuaren eta euskalkien inguruko abestia egin nuen”. Eta ondo egin ere, Euskarabenturan parte-hartzeko aukeratu baitzuten.
Jzioquitarrek ez dute ezagutzen zein izango den aurtengo Euskarabenturak izango duen ibilbidea, baina badakite egunero hainbat kilometro oinez egin beharko dituztela. Horretarako moduren batean prestatu ote den galdetuta, Elgak dio ez duela prestakuntza fisiko berezirik egin. “Ez da beharrezkoa oso kirolaria izatea, egingarria da”, diosku. Ostera, mentalki bai prestatu zen. “Pausu handia da hainbeste jendek parte hartzen duen ekimen batera bakarrik etortzea”, aitortzen digu. “Hasieran, Donostira autobusean heldu nintzenean jendea taldetan ikusten nuen eta ‘ai ama, nora etorri naiz’ pentsatu nuen, nahiz eta aurretik jakin hasieran agian zaila izango zela. Handik Atharratzera autobusean joan ginen, bikoteka jarri eta 15 minututik behin tokiz aldatzen joan ginen elkar ezagutzeko.
Orduan ikusi nuen denok antzeko egoeran etorri ginela eta zabaltzera behartuta geundela. Horrek gauzak asko erraztu zituen. Atharratzera heldu ginenerako oso lagunarteko giroa genuen. Gainera, inork ez zaituenez ezagutzen, harremana zerotik hastea bezala da. Orain, gure artean askotan komentatzen dugu zein harrigarria den ezagutu eta bederatzi egunetara betiko lagunak garela ematen duela”.
Sherpa urdinak
Euskarabenturako begiraleei ‘sherpa’ esaten diete eta eurekin ere harreman estua dutela dio Elgak. “Nire taldeko sherpa Ainhoa da eta edozer gauzatarako alboan dugu. Euretako askok horrelako ekimenetan esperientzia dute eta badakite egoera bakoitzean nola ekin”, diosku jzioquitarrak. “Zorionez, niri orain arte ez zait ezer gertatu, baina parte-hartzaileen artean egon da lesioren bat. Dena dela, erizainak baditugu eta baita furgoneta ere egun jakin batean etapa oinez egin ezin dutenentzat”.
Fikri dugu ‘sherpa’ edo ‘urdinen’ artean ordezkari eibartarra. ‘Urdinak’ esaten diete, kamiseta urdina janzten dutelako. Elgak esan bezala, Fikrik badu horrelako ekimenetan esperientzia. “Eibarko udalekuetan ibili izan naiz eta, bestalde, igerilekuko monitorea ere izan naiz, soroslea, eta abar”, diosku.
Fikrik horrela definitzen du bere lana: “Edozein udalekutan egiten den lanaren bezalakoa da, baina askoz ere jende gehiagorekin eta denbora luzeagoan. Batetik, taldea dinamizatzea da gure zeregina (otorduetan, jolasteko orduetan…). Bestalde, oinez goazenean, etapak zabaltzeaz eta denak elkarrekin joateaz arduratzen gara”.
Elgak dioen haritik, Fikrik dio “nahiko harreman pertsonala” dutela parte-hartzaileekin. Gainera, “oso oso ondo” portatzen direla esan digu. “Askoz ere zailagoa izango zela uste nuen. Lehenengo egunetan hitzaldi batzuk izan zituzten eta pentsatu nuen agian eurentzat ez zirela interesgarriak izango, baina oso ondo hartu zituzten. Azkenean, hainbeste lagun egonda, beti dago norbait lantzen diren edukien inguruan interesa duena”, diosku.
Ibilaldiak eta bestelako ekintzak
Egunero 20-30 kilometro egiten dituzte, etaparen arabera. “07:00etan esnatzen gara, eguzkiaren okerrena ekiditeko”, azaldu digute antolakuntzatik. Motxilak prestatu, furgonetan sartu, gosaldu eta taldeka banatzen dira ibiltzen hasteko, erritmoaren arabera. “Lehenak abiatzen ‘trikuak’ izaten dira, 08:00etan. Haien atzetik ‘katagorriak’ doaz, 08:15ean; eta gero, 08:30ean, ‘erbiak’”.
Eguerdirako, gutxi gorabehera, helmugara iristen dira, eta luzaketak egin, motxilak deskargatu eta bazkaldu ondoren, dinamikak egiten dituzte. “Batzuetan urdinok dinamizatuta, beste batzuetan jzioquitarrekin prestatuta eta noizean behin kanpoko gonbidatuekin”. Iluntzean, dutxa, afaria eta gaubela egiten dute. “Eta gaueko ekintzaren ondoren, lotara goaz”, gehitzen dute. Elgak azaldu digunez, orain arte taldeka egin dute lo, baina azken etapetan guztiok batera ari dira elkartzen, “frontoietan eta”, lo zakuarekin lurrean lo seko geratuz.
Aipatu bezala, ibilaldiaz gain dinamika eta ekintza kulturalak egiten dituzte. “Helburua proiektu, espazio eta erreferente ezberdinak ezagutzea da”, antolakuntzatik diotenez. Horrela ezagutu dituzte, besteak beste, Altxa Lili, Predosta eta Gartxok ekimenak. Eta horrez gain, toki bereziak ezagutzeko aukera dute. Adibidez, Elga eta Fikrirekin berba egin genuen egunean Irulegin izan ziren eta Irulegiko Eskuaren inguruko azalpenak jaso zituzten. “Interesgarria izan da”, Elgaren ustez.