Foru Aldundiak herritarren kooperatiba energetikoak aurkeztu ditu Debegesan

Foru Aldundiak herritarren kooperatiba energetikoak aurkeztu ditu Debegesan
2021/03/12 14:46
eta kitto!
Debabarrena eskualdeko herritarren kooperatiba energetikoen proiektua aurkeztu zuten atzo goizean Debegesan Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Monica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak, eskualdeko alkate eta Udal ordezkarien aurrean. Azaldutakoaren arabera, Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua ekinean ari da energia-sistema berrien ezarpena bultzatzeko. Zehazki, indartu nahi dituzten sistemak energia berriztagarri jasangarriak eta autokontsumoa aukeratzen dituztenak eta gure lurraldearen kanpoko mendekotasun energetikoa murriztea xede dutenak dira. Aurkezpen ekitaldian gaineratu zutenez, bultzatu nahi diren energia-sistema berriek herritarrak ahalduntzea eta energia-sistemaren erdigunean rol aktiboarekin kokatzea bilatzen dute.

Asensiok azpimarratu zuenez, “hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da. Izan ere, klima-aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, hori da Gipuzkoako 62.000 etxeri baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena”.

Esandakoaren arabera, “Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Ekiolak elkarrekin lan egingo dute, Gipuzkoan elektrizitatea teknologia fotovoltaikoarekin sortzeko kontsumo kooperatibak sistematikoki eta modu ordenatuan ezartzeko plangintzan, eta herritarrek eta erakundeek kooperatiba horietan parte hartzea bultzatu eta erraztuko dute”.

Ingurumen Departamentua 2050erako Gipuzkoako jasangarritasun energetikoari buruzko foru dekretu berria lantzen ari dela aurreratu zuten. Aurten onartuko den dekretuak dauzkan helburuen artean, besteak beste, 2050ean BEGen guztizko isurketak gutxienez %80 murriztea, 2005. urtearekin alderatuta, eta energia berriztagarrien kontsumoa 2050erako azken kontsumoaren %80 izatea nabarmendu zituzten. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak laguntza-lerro bat aurkeztu du Europako funtsetara Euskadi Next egitasmoaren bidez, “lurraldeko udalek beraien herritarren eskutik baliabide ekonomiko horiek aprobetxatu ahal izan ditzaten, horri esker trantsizio energetikoa bizkortzeko”.



0 kilometroko energia-kooperatibak

Kooperatibak sortzeak auzotar askok parte hartzea dakarten proiektu handiagoak eratzea ahalbidetzen duela azaldu zuten aurkezpenean: “Formula horri esker, dimentsio esanguratsua duten energia-azpiegiturak egongo dira (1 MW eta 5 MW arteko potentzia duten eguzki parkeak), gertuko energia sortuko dutenak (0 kilometro energia), kooperatibako kide diren pertsonek edo familiek instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiak aprobetxa ditzaten, instalazio horiek propiotzat identifika ditzaten eta instalazio horietan kontsumo elektriko osoaren pareko energia-bolumena sor dezaten. Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko sistematikaren oinarria honako hau da: kontsumitzaileek kooperatibaren jabetzaren zati bat erosten dute, etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko kostuarekin”.

Esandakoaren arabera, kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, sortze kostu egonkor batekin, oso epe luzerako (25 urte edo gehiago). Instalazio horiek pertsona edo familia kopuru handi batentzat kudeatuko dira, eta, horrela, instalazioek tamaina ertaineko/handiko proiektu baten berezko ekonomiak izango dituzte. Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie faktura elektrikoetan, argi faktura gutxi gorabehera %20-30 murriztuta.