Toribio Echevarria sarien 35. edizioa aurkeztu dute

Toribio Echevarria sarien 35. edizioa aurkeztu dute
2025/09/11 13:12
eta kitto!

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak 35. Toribio Echevarria sariak aurkeztu dituzte ostegun honetan. Jon Iraola Eibarko alkateak, Laura Espin BIC Gipuzkoako proiektuen zuzendariak eta Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako Saileko zinegotziak egin dute aurkezpena. Adierazi dutenez, hainbat berritasun ditu aurtengo edizioak.

EAEko enpresa-ekimenak aitortzeko eta ekintzaileei beren jarduera-hasieran laguntzeko saria da honakoa eta Strartup eta enpresa-proiektuei zuzenduta dago.

Berritasunak

Aurten, oinarriak egokitu eta sariak indartu direla jakinarazi dute. Guztira 12.000 euroko sari ekonomikoa banatuko da hiru kategorietan:

  1. Startupak eta enpresa-proiektuak

  2. Enpresa berritzailea (aurreko edizioetako nazioartekotze-saria ordezkatzen duena)

  3. Eibarko Enpresa – “Made in Eibar” (Udalaren sari berezia)

Azken kategoria horretan, diru-laguntzaz gain, 10.000 eurora arteko bonu teknologikoa emango da prototipoak, produktu berriak eta patenteak garatzeko, ‘Tekniker’ edo ‘BRTA’ sareko zentroekin lankidetzan. Sari hau jaso ahal izateko, enpresak Eibarren kokatuta egon behar du edo urtebetean bertan kokatzeko konpromisoa hartu.

Gainera, sariek finantzaketa-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetarako sarbidea eskaintzen diete irabazleei, proiektuen garapena eta lehiakortasuna bultzatzeko tresna gisa.

Adierazpenak
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu du Eibar beti lotu izan dela “esfortzuarekin, berrikuntzarekin eta industriarekin”, eta sari hauen bidez “ekiten eta proiektu berriak sortzen ausartzen direnak babestu” nahi dituztela. Era berean, adierazi du “Made in Eibar” kategoriak, bere esanetan, “tokiko enpresekiko eta gure herrian kokatzeko hautua egiten dutenekiko konpromisoa” irudikatzen duela.

Laura Espin, BIC Gipuzkoako proiektuen zuzendariak, sariak ekintzailetza aurreratua bultzatzeko estrategiaren barruan kokatu ditu, eta balio handiko ekintzailetza eta talentu espezializatua erakartzeko aukera gisa nabarmendu ditu.

Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak azpimarratu du aurten “laguntza ekonomikoaz gain, tresna praktikoak” eskaini nahi dituztela, hala nola bonu teknologikoa, enpresei aukera emango diena “Tekniker bezalako puntako zentroekin lankidetzan produktu berriak garatzeko”.

Informazio praktikoa
Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 9an amaituko da, eta oinarriak www.toribioechevarria.com webgunean kontsulta daitezke.

Babesleak

Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen dituzte, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia-Garapen Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, SPRIk, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA patronalek ere parte hartzen dute.