Gabon kontzertu eta emanaldi bereziak asteburuan
Holako urte sasoian musikarixak kontzertu berezixak eskintzen dittue. Lehelengua aurreko eguaztenian emon eben Juan Bautista Gisasola Musika Eskolakuak, San Andres elizan. Hurrengo emanaldixa, barriz, domekan Usartza Txistulari Bandakuak 13.00etan udaletxeko arkupietan emongo dabe, Elena Pérezek zuzenduta. Programia "Euskal bilantzikoa" (Isidro Ansorena, J. I. Ansorenak moldatuta), "Ai! Au Gabean" (Javier Hernández Arsuaga), "Gabon abestiak" (Isidro Ansorena, J. I. Ansorenak moldatuta), "Eguberriko Zazpi kanta" (J. I. Ansorena), "Ez adiorik" (J. I. Ansorena), "Bi bilantziko" (herrikoiak, J. I. Ansorenak moldatuta), "Aingeruetazko Soinua" (Lorenzo Ondarra Kintana) eta "Atzerriko Eguberria" (J. I. Ansorena) piezak osatuko dabe.
Eta domekan bertan, baiña 20.00etan Sostoa abesbatzaren txandia izango da. San Andres elizan abestuko dabe eta egunerako Euskal Herriko zein beste herri batzuetako gabon kantak aukeratu dittue. Sarreria musutruk izango da, baiña atian kutxa bat ipiñiko dabe, nahi dabenak dirua emoteko. Bertan batzen dabena Cáritas-i emongo detse. Eibarren ez eze, bixar saiua errepikatuko dabe, 19.45etan Zaldibarren (hango San Andres elizan). Eta datorren urtarrillaren 19rako beste kontzertu bat lotuta dake honezkero: Hondarribira juango dira, Zarzuelari eskindutako kontzertua emotera.
Ustekabe fanfarrekuak be badake hitzordurik euren agendan: bixar 18.30xetatik 22.00etara Ermuko kaliak girotzen ibilliko dira, hango dendarixak gonbidauta. Eurekin batera Ermuko Irulitxa txarangakuak jardungo dabe.