Gabonak Eibarren ospatzeko aisialdirako eskaintza zabala prestatu du Udalak

Aurreko asteko eguenean Errebal Plazan ospatu zen ekitaldian ixotu zituzten Gabonetako argiak. Eibarko Koro Gazteak eta Sofia Machin eibartarrak abestu eta gero, txokolatea eta opariak banatu zituzten haurren artean. Eibarko Udalak kaleak apaintzeko argiztapenerako 100.000 euro inguru bideratu ditu aurten.
2025/12/05 17:34
Silbia Hernandez Arrazola


Horrekin batera, Gabonetako programaren barruan, haurrei eta gazteei zuzendutako jarduerak ere antolatu ditu Udalak. Besteak beste, “Kirola Familian” jolasteko gunea eskainiko dute Ipurua kiroldegian abenduko asteburuetan, 2-5 urte arteko neska-mutikoek jolasteko tokia izateko. Indianokua Gaztelekuan, sukaldaritza- eta eskulan-ikastaroak emango dira, abenduaren 20an eta 21ean. Robotikarekin eta bideo-jokoekin lotutako jarduerak ere egingo dira (Microsoft MakeCode Arcade), adin eta txanda desberdinetan.
Eta, oporrak hasten direnean, Astelena Gabonetako Haur Parkea jarriko da martxan, 2-12 urte bitarteko umeentzat. Gainera, iaz bezala, Untzaga plazan txirrista handi bat jarriko da.
Urtero legez, Olentzerok buzoi bat izango du Pegoran eta Portalean, haurren gutunak jasotzeko, eta kalejira abenduaren 24an egingo du, 11:30ean Urkizutik abiatuta.
Udalean prestatu duten Gabonetako egitarauak, gainera, hainbat musika eta antzerki ikuskizun biltzen ditu.
Programa Errege Magoen Kabalgatarekin amaituko da, urtarrilaren 5ean. Egun horretan, kabalgataren aurretik, dantza-ikuskizuna egingo da Ipurua Kiroldegian, eta hori ikustera joateko gonbidapenak abenduaren 18an banatuko dituzte.