Gabonen harira programazio zabala prestatu dute dendari eta ostalariek
Eibar Merkataritza Gune Irekiak jarduera ugari antolatu ditu Gabonen inguruan. Programazioari azaroaren 22an argiak piztearekin batera ekin zioten, baina ekitaldi nagusiak asteburu honetatik aurrera hasiko dira: zapatuan, (abenduaren 7an) Opari Eguna goiburuari jarraituta, jendea Gabonetarako erosketak egitera animatzera bideratutako hainbat jarduera hartuko ditu gure herriak. Batetik, zapatuan herriko dendetan 100 euro gastatzen dutenek opari modura 12 euroko balioa duen menurako txartela jasoko dute (100 euroak ez dira toki bakarrean gastatu behar eta menua ekimenarekin bat egiten duten tabernetan jateko izango da). Horrez gain, goizean merkatu plaza parean bertako baserritarrek saldutako produktuekin jendeak dastatzeko pintxo bereziak prestatuko ditu Oskar Trebiño sukaldariak, Debemenekin elkarlanean antolatuta. Eta Urkizuko parkean, 18.00etatik 20.00etara DJ Xaiborrek musika saioa eskainiko du eta umeentzat txokolate jana egongo da.
Astelena frontoiak, iazko moduan, 12 urtera arteko umeentzat txiki-parka hartuko du zapatutik hasi eta udaberrira bitartean. Bertara doazen umeak begiraleek zainduko dituzte eta bertara sartzeko bonoak elkarteko denda eta tabernetan erosketak egitean eskuratu daitezke, asteburu honetan hasita (gastatutako 20 euroko bono bana oparituko dute, bestela sarrerak 3 euro balio du). Txiki-parkak gehienez 150 lagun har ditzake batera eta hori zaintze aldera ume bakoitzak gehienez 90 minutu eman ditzake jarraian bertatik irten barik. Eta programazioa biribiltzeko, anbulategi pareko tiobiboa zapatutik aurrera egongo da martxan (betiko lez, bertan doan ibiltzeko txartelak erosketak egitean banatuko dituzte).