Gabriel Arestik Eibarren bizitako pasarteak taularatuko dituzte urriaren 24an
Kandido Uranga eta Inazio Tolosa aktoreek ‘Gabriel Arestirekin’ antzezlana eskainiko dute hilaren 24an, 19:00etan, Portaleko areto nagusian. Ikuskizuna sortzeko Pedro Alberdiren ‘Gabriel Aresti Eibarren’ ipuina hartu dute oinarri. Sarrera 5 eurotan eskuratu daiteke online (Kutxabank bitartez), Coliseoaren leihatilan edo ekitaldia hasi baino lehen, Portalean.
Gabriel Aresti hil zela 50 urte beteko dira aurten eta antzezlan hau aukera ederra da euskal kulturan mugarria den artista ezagutzeko. Ikuskizuna Kandido Urangaren apustu pertsonala da eta, bere hitzetan, aspalditik zor zuen emanaldia. Uranga izango da narratzailea eta Inazio Tolosa sartuko da Arestiren azalean.
Oso hurbiletik ikusteko emanaldia da. Antzezlan honek klasikoa era esperimentalean azalduko digu, oholtza soil batean eta oso zuzen. Hiztegia eta hizkerari buruz ere gozamenerako aukera eskainiz.
Bi osagai
‘Gabriel Arestirekin’ antzezlanak bi osagai ditu. Batetik, idazlearen ‘Harri eta herri’ liburuko Q letrari dagokion ‘Profeta bati’ izeneko poema errezitatzen dute. Liburua argitaratu zenetik 60 urte igaro badira ere, poema horren giroa eta espiritua erraz lotu daitezke gaur egungo egoerarekin eta gizartearekin. Bestetik, Pedro Alberdik idatzitako ‘Gabriel Aresti Eibarren’ fikzio-lanean oinarritzen da. Bertan, Arestik Eibarren lan egin zuen garaia aitzakiatzat hartuta, haren egunerokotasunaren hiruzpalau ordu berreraiki zituen idazle eibartarrak, ipuin eder batean. Antzezlan honen zuzendariek ipuin hori egokitu eta moldatu dute, antzerki moduan erakusteko.
Eibarren jaio eta Bilbon urte mordoxka bizi ondoren, Zumaia du bizitoki gaur egun Pedro Alberdik. “Emaztea eta biok udatiarrak izan gara beti bertan”, esan zigun otsailean egin genion elkarrizketan. Kostan pasa dituen udetan lagunak ere egin ditu, tartean Kandido Uranga aktorea, eta urteetako harremana du berarekin.
Aresti Eibarren
Gabriel Aresti 1966an egon zen Eibarren lanean eta hemen egiten zuen lo astegunetan. Bitartean, emaztea eta hiru alabak Bilbon zeuden, sasoi hartan ez zegoelako autobiderik eta egunero joan-etorrian ibiltzea oso nekagarria zen berarentzat.
Txontako Industrias Rocandio enpresan egin zuen lan eta Itziartarran egon zen apopilo. “Aresti Eibarren egon zela jakin nuenean, ezin nuen sinestu”, kontatu zigun Alberdik. Sasoi hartan, idazle eibartarrak bederatzi urte inguru zituen.