Galaxien Sailkapen Gida
Gaur egun badakigu galaxiak unibertso osoan zehar dauden egitura erraldoiak direla, baina duela mende bat astronomoak oraindik ez zeuden ziur objektu hauen benetako izaeraz. Edwin Hubble-en behaketek 1925ean berretsi zuten "nebulosa kiribilak" –garai hartan ezezagunak ziren objektuak– Esne Bidearen kanpoko galaxia urrunak zirela. Aurkikuntza honek unibertsoaren handitasunari buruzko gure ulermena erabat birmoldatu zuen.
Hubble-en Sekuentzia
Edwin Hubble-ek galaxiak sailkatzeko eskema sortu zuen, galaxiak euren forman eta egituran oinarritutako kategoria ezberdinetan biltzen zituena.
Hubble-ek galaxiak bi talde nagusitan sailkatu zituen: "early-type" (goiztiarra) eta "late-type" (berantiarra). "Early-type" hitzak galaxia eliptikoei egiten die erreferentzia; "late-type" hitzak, berriz, galaxia kiribil eta irregularrei. Galaxia eliptikoak beren eliptizitatearen (eliptizitatea forma bat zein luzatuta dagoen deskribatzeko modu bat da) arabera sailkatzen dira — E0 ia esferikotik E7 oso luzetara —, eta kiribilen barruan, Hubble-ek bi azpiadar sortzen ditu: barra duten ala ez kontuan hartuta, eta "a", "b", "c" letrekin beso kiribilak zein estu biribiltzen diren deskribatuz.
Sekuentziari begiratuz, pentsa liteke galaxia berantiarrak galaxia goiztiarren eboluzioa direla. Hori ez da horrela. Hubble-ek berak "Realm of the Nebulae"-n argitu zuenez: "'Goiztiar' eta 'berantiar' terminoak sekuentzia enpirikoan posizio erlatiboa izendatzeko erabiltzen dira, denborazko inplikazioak kontuan hartu gabe." Galaxia kiribilak ez dira galaxia eliptikoen eboluzioa –ezinbestekoa da hau ulertzea galaxien sailkapena eta ezaugarriak ondo ulertu ahal izateko–.
Galaxia Eliptikoak
Galaxia eliptikoak , kanpotik ikusita, egitura homogeneo eta leunak dira. Barne-dinamika izarren ausazko mugimenduen bidez ulertzen da: izarrak ez dira norabide jakin batean biraka ari, norabide guztietan mugitzen dira, barrutik presio moduko bat sortuz galaxia egonkor mantentzeko.
Galaxia eliptiko gehienek metaletan aberatsak diren izar zaharrak dituzte, adierazten duena iraganean izar-eraketa bizia eta azkarra izan zutela. Behin izar-eraketa geldituta –gasa agortu delako –, ez da izar berri eta gazteagorik sortzen, eta egungo izar-populazioa zahartzen doa. Horregatik, galaxia hauetan ez dago izar-formazio esanguratsurik.
Galaxia eliptikoak nola eratzen diren galdera irekia da astronomian. Ideia ohikoena bi galaxia kiribilen bategitetik datozela da: izarrak orbita aleatorioetan nahasten dira eta forma leuna sortzen dute.
Galaxia Kiribilak
Galaxia kiribilak unibertsoaren ikuspegi ederrenetako batzuk dira: kiribil forma ikusgarria dute, beso luze eta kiribilduetan zehar izar distiratsuak, hautsa eta gasa banatzen direlarik. Gure Eguzki-sistema ere honelako galaxia batean dago: Esne Bidean, hain zuzen.
Galaxia horiek dinamika ikusgarria dute: diskoak errotazio ordenatuan dabiltza, zentrotik kanporantz geroz eta motelago. Beso ikusgarriak, ordea, ez dira egitura finko eta trinkoak. Dentsitate handiagoko eremuak baizik: izarrak galaxian zehar mugitzen dira, beso kiribilak zeharkatuz, eta dentsitate handiagoko eskualde horietan denbora gehiago ematen dutenez, pilaketa bisual bat sortzen da –trafiko-ilararen moduko efektu bat–.
Galaxia kiribilak normalean izar gazte eta urdinez josita daude. Izar berriak gas hotzaren kondentsazioz sortzen dira, batez ere beso kiribiletan pilatzen denean.
Galaxia Irregularrak
Galaxia irregularrak dira, funtsean, beste bi mota nagusietan sailkatu ezin direnak. Simetriarik gabe, egitura kaotikoa dute: izar, gas eta hauts banaketa desorekatu eta desordenatua. Egitura irregular hau galaxia barruko interakzio dinamikoengatik sortzen da, baita inguruko galaxiekin dituzten grabitazio-elkarreraginen ondorioz ere.
Laburbilduz
Galaxia eliptikoak, kiribilak eta irregularrak unibertsoaren aniztasunaren adibide dira. Hubble-ek duela ia mende bat proposatutako sailkapena gaur egun ere erabiltzen dugu galaxiak hobeto ulertzeko.
Amaitzeko, proposamen dibertigarri bat: Galaxy Zoo. Proiektu honetan, edonork lagun dezake galaxiak sailkatzen eta benetako ikerketa zientifikoan parte hartzen. Denbora libre pixka bat baduzu, animatu! Informazio gehiago: zoo.galaxyzoo.org