Galiziako jaiek asteburua beteko dute
Aurten 30. edizioa beteko duten Dia Das Letras Galegas jaiak gaur (barixakua, hilak 10) hasiko dira, 19.00etan Urkizuko parkean As Burgas Galiziako Etxekoak txosna zabaltzearekin batera. Hortik aurrera eta domeka iluntzera arte Galiziako produktu tipikoak eta bertako musikak eta dantzek beteko dute Urkizu, beste talde batzuen parte-hartzea izango duen jarduerekin batera. Gaur arratsaldean herri-kirolak eskainiko dituzte eta gauean 22.00etan hasiko da Super Fama taldeak girotuko duen berbena. Biharko egitaraua goizetik hasiko da: 11.00etan umeendako "chaves" jaurtiketa egingo dute, 12.30etan igel-toka, jarraian piskolabisa eta arratsaldean berriz ere jokoendako tartea izango da, helduendako "chaves" jaurtiketa jokatuko dute-eta. Ondoren Galiziako dantzak eta musika eskainiko dituzte Eibarko Galiziako Etxeko Os Galaicos taldekoek eta iluntze-gaueko dantzaldia Trebol taldeak girotuko du. Eta domekarako programa hau da: 11.45etan Eibarko trikitilariei Untzagan ongi-etorria egin eta Urkizuraino kalejiran joango dira; 12.30etan parkean Kezka eta Aire Andaluz dantza taldeek saioa eskainiko dute; Castelaoren oroigarrian lorak ipini eta gero, 15.00etan Galiziako Etxean bazkalduko dute eta 18.30etatik aurrera Trebol taldeak eskainiko dute dantzaldiarekin agurtuko dituzte jaiak. Jarraian egitarau osoa irakur dezakezue:
Barixakua 10
19.00.- Tabernaren irekiera eta jaiaren hasiera. Herri-kirolak.
22.00.- Berbena, Super Fama taldearekin. Urkizun.
Zapatua 11
11.00.- "Chaves" jaurtiketa (umeak).
12.30.- Igel-toka.
13.00.- Piskolabisa.
16.00.- "Chaves" jaurtiketa (helduak). Galiziako dantzak eta musika, Os Galaicos taldearekin.
20.00.- Dantzaldia Trebol taldearekin (afaltzeko etenaldia eta gero, 23.00etan bueltatuko dira). Urkizun.
Domeka 12
11.45.- Eibarko trikitilariei ongi-etorria (Untzagan) eta kalejira, Urkizuraino.
12.30.- Kezka eta Aire Andaluz dantza taldeen saioa.
14.00.- Lora-eskaintza Castelaoren oroigarrian.
15.00.- Bazkaria (Galiziako Etxean).
18.30.- Dantzaldia, Trebol taldearekin. Urkizun.