Gama altuko Star eskopeta bat erosi du Udalak Armagintzaren Museorako
2023/12/28
11:49
eta kitto!
Star Bonifacio Echeverria SA enpresak 80ko hamarkadaren amaieran fabrikatutako gama altuko hamar eskopetako bat erosi du Udalak, Armagintzaren Museorako. Irekidura automatikoko Star markako eskopeta hori serie bateko hirugarrena da eta partikular bati erosi diote, 30.000 euroren truke.
Udaletik adierazi dutenez, “garai hartako armagin onenek kalitate goreneko materialekin egindako lanaren bikaintasunaz gain —kalitate goreneko intxaur-egurra eta Patricio Echeverria enpresako altzairua—, arma horren balioa Lucas Alberdi artista eibartarrak armaren elementu guztietan (kanoiak, esku-babesak, pletinak eta baskula) barreiatu zuen damaskinatu-lanaren aberastasunari eta ugaritasunari zor zaio”. Eskopeta Portaleko bosgarren pisuan dagoen Museoan egongo da ikusgai, lekua behar bezala atondu ondoren.