Gantxilla tantanez tantan beteko dugu zapatuan
Eibarko Euskalgintzak Tantanez tantan, Eibarren Euskaraz Bizi izenburupean antolatu du biharko ekimena. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, "Urkizutik irten nahi duenak 12.45tarako egon beharko du bertan, baina bestela, ibilbidearen edozein tokitan ilaran jartzeko aukera izango du jendeak, ez da beste ezer egin behar. Aukera izanez gero, leporako koadrodun zapia eramatea eskertuko genieke".
Aurten gantxilla betetzeko ardura bere sorreraren 50. urtemuga ospatzen diharduen Asola Berri elkarteak izango du eta, Untzagarako bidean, 100 urteko historia bete berri duen Casino Artista Eibarrés elkarteari ere omenaldi txikia egingo zaie gantxilla Ibarkurutzera ailegatzean. Eta ekitaldiari amaiera emateko, mendeurrena ospatzen diharduen Armeria Eskolako Iñaki Alberdik irakurriko du aldarrikapena Untzagan.
Kontseiluaren 10. urtemugan
"Tantanez Tantan, Eibarren euskaraz blai" leloari jarraituta euskararen aldeko lehenengo giza-katea 2008ko maiatzaren 24an osatu zen gurean eta lehenengo edizio hartan ehundaka lagunek hartu zuten parte, Urkizuko iturrian gantxilla urarekin bete eta, eskuz esku, Untzagaraino eramaten. Eibarko Euskalgintzak hori antolatuta egin zuen bat Kontseiluaren sorreraren 10. urtemuga ospatzeko ekimenarekin. Ekitaldiaren amaieran Manix Mandiola orduan Eibar foball taldeko entrenatzailea zenak herriko euskalgintzaren izenean adierazpena irakurri zuen. Baina Kontseiluaren urtemuga ospatzetik haratago, eibartarrek osatutako giza katearekin euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten.
Horregatik, handik urte bira Gantxillaren jaia berriz antolatzea erabaki zuten eta, lehenengo edizioan egindakoaren bidetik, bigarren honetan ere gantxilla Urkizuko iturrian bete zuten. Omenaldi gisara, orain urte bi euren sorreraren 50. urtemuga ospatzen ziharduten Juan Antonio Mogel ikastolako ordezkariei egokitu zitzaien gantxilla urarekin betetzeko lana. Eta berriz ere, giza-katea osatuta, Untzagaraino eraman zuten euskaraz bizitzeko nahiaren inguruko aldarrikapena, eskuz-esku, tantanez-tantan. Bigarren ekitaldiaren amaieran Euskaldunon Egunkariari eta bertako behargin izandakoei elkartasuna adierazi zieten herritarrek.