Garraio zerbitzu bereziak izango dira Kilometroak ikastolen jaira joateko
Domeka honetan, urriaren 5ean, Elgoibarren ospatuko den Kilometroak jaiaren harira, garraio zerbitzu bereziak izango direla ezagutarazi du Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.
Autobuen kasuan, Lurraldebus zerbitzu bereziak egongo dira DG07 linean, Elgoibarren geldialdia izango duena. Bi irteera berri izango dira Eskoriatzatik 9:15ean eta 9:45ean, eta hiru Donostiatik, 13:00etan, 17:30ean eta 18:30ean. Gainera, Donostiatik 14:00etan abiatzen den ibilbidean, geldialdia egingo da ekitaldia hartuko duen herrian.
Halaber, egun osoan zehar indartuko dira honako lineak: UK05, Zestoatik Ermura doana Azpeitian, Azkoitian eta Elgoibarren geldituz; DB02, Ermua eta Donostia arteko linean; eta DB04, Mallabiatik Ondarroara doana.
Bestalde, Euskotrenek ere tren zerbitzua indartuko du, Gipuzkoako ikastolen jaia hartuko duen herrira joan-etorrien erraztasuna bermatzeko asmoz.
Zehazki, E1 linea indartuko da: Amara/Donostia – Matiko/Bilbo. Bestalde, Toletxegain geralekua zerbitzutik kanpo egongo da igande osoan.
Hala ere, Euskotrenek ordutegiak aldez aurretik kontsultatzea gomendatu du. Aplikazio ofizialean eta webguneko bilatzailean egin daiteke kontsulta hori.