Zabalik dago ‘On ekin’ ideia eta enpresa proiektuen lehiaketan izena emateko epea
Urriaren 2an, osteguna, ireki dute ‘On ekin’ ideia eta enpresa proiektuen leihaketaren XIII. edizioan izena emateko epea. Jon Iraola alkateak, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Vanesa Hortak eta Jaione Leibar Ekingune elkarteko presidenteak aurkeztu dituzte enpresa eta ekintzaileen ekimenak babestu eta bistaratzeko lehiaketaren nondik norakoak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “On Ekin” 2025 lehiaketa negozio-ideia berritzaileak dituzten eta hauek martxan jarri nahi dituzten ekintzaileei zein enpresei zuzenduta dago, eta proiektu horiek gauzatzeko beharrezko babesa eskaintzeko helburua du: “Ez da ideia bakarrik saritzen, hura errealitate bihurtzeko bide ere bada.”
Izen-ematea urriaren 19ra arte egongo da zabalik, eta finalera iristen direnek beren proposamenak aurkezteko aukera izango dute ekitaldi berezi batean, Errebalen, urriaren 30ean
Edizio honetako nobedade gisa, aurten bi sari banatuko dira: batetik, ohiko ‘On Ekin’ saria (2.000 eurokoa), epaimahai batek erabakiko duena eta Laboral Kutxak eta Gaztenpresak finantzatua dena. Eta bestetik, ‘Herritarren saria’ (1.000 eurokoa), Errebaleko ekitaldira bertaratzen direnek aukeratuko dutena eta Eibarko Udalak finantzatua dena.
Lehiaketan parte hartzeko Ekingune elkartearen atari digitalean oinarriak kontsultatu eta eman daiteke izena.