"Gatazka armatuak, bakea eta garapena" hitzaldia emango du Itziar Mujika Chaok Andretxean, apirilaren 23an
Gerrek populazioaren garapenean duten eraginaz hitz egingo du Itziar Mujikak, eta baita generoan oinarritutako botere egiturek gerretan eta horien ondorioetan duten eraginaren inguruan, emakumeen garapenean duten eraginean sakonduz. Saioa 18:30etan hasiko da Andretxean (gazteleraz).
Itziar Mujika Chao EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidearen Historia saileko irakaslea da. Doktoratu ondoko ikertzailea ere bada Hegoa Institutuan. Indarkeria ezazko erresistentzian, indarkeriazko zein indarkeria ezazko gatazken generozko politiketan eta bake eraikuntzan ikuspuntu feminista eta generozkotik aditua.
Historian zehar bai gerrak bai bakea oso modu murritzean ulertu izan dira. Analisi eta ikasketa hegemonikoek, boteretsuen interesei jarraituz, bi fenomeno horien elementu zehatz batzuk baino ez dituzte ikusarazi nahi izan. Azken ia hiru hamarkadetan, “bake liberalaren” ikuskera nagusi bihurtu da. Hala ere, eta aldi berean, ikuskera horren aurrean, teoria kritiko desberdinek gatazka armatuen eta bakearen errealitatearen azalpenak asko aberastu dituzte. Teoria horiek –feminismoak barne– gerren kontzeptua zabaldu dute eta, horrekin batera, euren sorrera, zergati, bilakaera eta ondorioen analisia ere bai. Horrek bakearen kontzeptuaren zabalkuntza ere ekarri du, herrien eta pertsonen garapena –hori ere modu zabalean ulertuta– barne bilduz.