Gaur abiatuko da Uni Encounter topaketa

Gaur abiatuko da Uni Encounter topaketa
2014/04/08 00:00
eta kitto!

Informatika eta teknologia berriekin interesatuta daudenek ezin dute galdu Uni Eibar-Ermuko Informatika sailak antolatuta apirilaren 8tik 11ra bitartean egingo den Uni Encounter topaketa. Aurten hamargarrenez egingo diren jardunaldiak antolatzeko orduan Eibarko Udalarekin elkarlanean jardun dute eta gure inguruko "makers" edo ekintzaileei bultzada ematen ahalegindu dira antolatzaileak. Horregatik, ekintzaile horiek izango dira nagusi Ermuko Ongarai auzoan egingo diren jardueretan.
Jardunaldiak gaur (martitzena, hilak 8) abiatuko dira, Maker Eguna goiburuari jarraituta antolatutako ekitaldiekin: 12.00etatik 14.00etara Maker Gunea egongo da martxan. Arratsaldean, 17.00etatik 19.00etara Construye y utiliza tu impresora 3D eskainiko du Bilbaomakers-eko Ivan Blascok eta, jarraian, 19.00etan hasiko da Mekey-makey. Una herramienta que une el mundo fisico y virtual izenburuari jarraituta egingo dute berba Diego Casadok (Deustuko unibertsitatea) eta Joseba Rojok (BioBX). Eta bihar eguaztena, 10.00etatik 14.00etara 3D inpresorekin brainstorming-a egingo da, Tumakerren eskutik.  
Eguenean Antonio Martinen Gestion de grandes proyectos informaticos izenburukoarekin ekingo diote eguneko egitarauari, 12.30etan. Arratsaldeko 17.00etan, berriz, Nestor Lopezek eta Jon Alain Hinojosak BitCoin. La cara y la cruz de la moneda virtual izenburuko hitzaldia emango dute eta, jarraian, En el futuro, tu sobras… o no? izenburuari jarraituta egingo du berba eFaber-eko Svet Ivanchev-ek. Eta jardunaldiak agurtzeko, barixakuan 16.00etatik 20.00etara Desarrollo rapido de un videojuego. Iniciacion emango du Pintxo Developer-eko Daniel Artamendik eta horrekin batera, ordu berean jokatuko da urteroko bideojoko txapelketa, LOL, Counter, Fifa eta Call Of Duty: Ghost jokoekin. Informazio gehiago nahi izanez gero, uniencounter.iesunibhi.com helbidean sartu eta bertan aurkituko duzue.