Gaur aurkeztu du Udako Euskal Unibertsitateak 48. Udako Ikastaroen eskaintza

Gaur aurkeztu du Udako Euskal Unibertsitateak 48. Udako Ikastaroen eskaintza
2020/06/04 17:12
eta kitto!
Koronabirusak baldintzatutako egoeran, UEUk Udako Ikastaroen eskaintzarekin #ElkarEkin  aurrera egiteko erronka jarri dio bere buruari eta gaur egin dute Udako Ikastaroen aurkezpena Kepa Sarasola UEUko zuzendariak eta Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroen arduradunak, UEUren Youtubeko kanalean. Bizi dugun egoerara egokitu behar izan du UEUk bere eskaintza: datak moldatu eta ekainetik irailaren hasiera bitartean 17 ikastaro eta jardunaldi antolatu ditu Eibar, Iruñea, Baiona, Usurbil eta Donostian. Guztiek 10 euroko prezio sinbolikoa izango dute. Zientzia eta euskarari buruzko jardunaldi birtualak emango die hasiera ikastaroei. Dagoeneko matrikula zabalik dago www.ueu.eus helbidean.

Kepa Sarasolak ekin dio aurkezpenari: “Ongi etorri pantailaren bestekaldean zaudetenoi. Koronabirusak gure bizitzak hankaz gora jarri ditu eta baita UEUren egitasmoa ere; tartean, Udako ikastaroak. Duela aste batzuk ez genekien egin ahal izango genituen, baina azkenean #ElkarEkin aurrera egiteko erronka jarri dogu gure buruari. Zergatik?Udako Ikastaroak UEUren nortasuna, balio-erantsia eta marka direlako; dena online ezin delako eman; aurrez aurrekoaren ezaugarriengatik. Pertsonen arteko elkarrekintzatik esperientzien elkartrukea gertatzen delako; udakoetan bizipenen bidez ikasten delako; udakoak gogoeta guneak direlako. Hau guztiagatik, egoera distopiko honek sortzen dizkigun arazoak aukera bihurtu, ausartak eta sortzaileak izan, eta 48. Udako Ikastaroen eskaintza berezia osatu dugu. Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu garai hauetan hau posible egin duten antolatzaile eta babesle guztiei. Ilusio handiz aurkezten dizuegu aurtengo edizioa eta bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, osasun neurri guztiak hartuta, noski”.

Irati Iciar Udako Ikastaroen arduradunak azaldu ditu ikastaroei buruzko xehetasunak ondoren: “Aurrez aurrekoaren aldeko apustua egiterakoan, eskaintza birmoldatu behar izan dugu, ikastaro gutxiago antolatuta. Guztira 17 jarduera, 12 ikastaro eta 5 jardunaldi izango dira. Bestalde, tokiak mantendu ditugu Eibar, Baiona eta Iruñean eta Donostia eta Usurbilgo aukerak, berriz, elkarlanetik sortu dira. Eta datak ere egokitu ditugu. Eibarren (UEUren ikastetxe nagusian), Donostian eta Usurbilen uztailaren 13ko astean egongo gara, Iruñean (Ezpeleta jauregian) abuztuak 31n eta irailak 1ean eta Baionan (Eusko Ikaskuntzako eta IKER zentroko egoitzetan) irailak 4an”. ZientziaK eta Euskara jardunaldi birtualak emango dio hasiera aurtengo Udako Ikastaroen edizioari ekainaren 18tik aurrera. Ikastaro guztiei buruzko informazioa ikusteko zein izena emateko UEUren web orrira jo dezakezue.

UEUren 48. UDAKO IKASTAROAK


ZientziaK eta Euskara. Esperientzietatik etorkizunera. Jardunaldi birtuala. Ekainak 18

  • 1. astea: uztailak 13-17 (Eibar, Donostia, Usurbil)


Matematikari Euskaldunen IV. Topaketa (Matetop IV.). Eibar, uztailak 10

BERRIA multimedia: kazetaritzaren praktika berriak. Eibar, uztailak 13

Euskal Curriculumaren garapen integrala: EKI. Eibar, uztailak 13-14

Wikipedia/Wikimedia editatoia 2020. Donostia, uztailak 14

Euskal ahozkotasuna eta irudimena: ondarea, sormena eta transmisioa.  Eibar, uztailak 15 - TALDEA BETE EGIN DA (2020-05-27, 12:05), itxaron zerrenda ireki da.

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen VI. Bilkura: Tokiko Bildumak. GLAM erakundeek eta komunitateek tokiko memoria elkarrekin eraikitzen.  Eibar, uztailak 16

2020.urtea. Ahaztu dugu Hondakinen %50 birziklatu behar direla? Mintegia.  Eibar, uztailak 16

Pandemiak, distopiak eta mundu berriak. (Jakin Jardunaldia)  Usurbil, uztailak 16 - TALDEA BETE EGIN DA (20-05-26, 16:45), itxaron zerrenda ireki da.

Software librea ikastetxean: Luberri sistemaren instalazioa eta administrazioa. Donostia, uztailak 13-14

  • 2. astea: abuztuak 31-irailak 4 (Iruñea eta Baiona)


Orreagatik (778) Trantsiziora (1975-1982): Nafarroaren historia, memoria eta kontakizunak. Iruñea, abuztuak 31

Erabilera lagapeneko Etxebizitza Kooperatiben eredua: aukerak eta esperientziak.  Iruñea, abuztuak 31

Euskal Herria Dekoloniala Mintegia. Iruñea, abuztuak 31-irailak 1

Visual Thinking ikas-irakasteko ikusgarria. Iruñea, irailak 1

Gau Beltza (Arimen gaua) ospakitzuna antolatzeko tailerra. Baiona, irailak 4

Euskal kantu ondarearen transmisioa  Baiona, irailak 4

Hizkuntzalaritza klinikoko I. jardunaldia : hizkuntza nahasmenduen azterketa eta esku-hartzea euskaldunengan, ikerketa eta arlo klinikoaren ikuspegitik.  Baiona, irailak 4