Gaur aurkeztuko du Amatiñok Miguel Gallastegiri buruz idatzitako liburua
Datorren astelehenean aurkeztuko du Luis Alberto Aranberri Amatiñok La pelota según Miguel Gallastegui, Ego Ibarra batzordeak argitara eman duen liburua Coliseoan, 19.00etan. Gizon bi horien artean izandako elkarrizketa luze askoren emaitza den liburuak bost atal nagusi ditu: "Aurrenak, Miguel Gallastegiren haurtzaroa eta gaztaroa islatzen ditu (Eibar, familia, Asolaigartza jaiotetxea, ‘Simonanekua’ okindegia, Atano III.aren kontrako desafioak); bigarrenak, eskupelota txapelketak eta Gallastegik irabazitako tituluen inguruko zertzelada eta gorabeherak; hirugarrenean, pelotariaren bizimodua, zaletasunak eta izakera eta Astelena frontoiaren historia; Gallastegiren ezkontza eta bizitza, frontoiei egindako agurra eta eskaini zaizkion omenaldiak batzen ditu laugarrenak; eta azken atalean, pelotak eta pelotariak, telebista, prentsa eta komunikazioa jorratu ditu egileak". 300 orrialdetik gora eta 100 bat argazki dituen liburua aurkezpen egunean 10 eurotan erosteko aukera egongo da.