Gaur eguerdian banatu ditu 30. Eibarko Kirol Sariak ...eta kitto! astekariak

Urtero bezala, urteko azken eguna den honetan banatu ditu Eibarko Kirol Sariak …eta kitto! astekariak. Aurtengoa sarien 30. edizioa izan da, eta Irati Alvarez Malaxetxebarria kazetariak eta Odei Jainaga Larrea atletak aurkeztu duten ekitaldian ere hainbat berritasun egon dira.
2025/12/31 14:14
Silbia Hernandez Arrazola

Coliseo antzokian izan den sari-banaketa ekitaldian kirol-modalitate bakoitzean izendatutako kirolariek saria jaso dute, eta aurten 32 banatu dira guztira. Ekitaldi osoa …eta kitto!-ren YouTubeko kanalaren bitartez zuzenean jarraitu ahal izan da.
Berritasun nagusiena, bestetik, aurten lehen aldiz banatu den Publikoaren Saria izan da. Gure webgunearen eta sare sozialen bitartez botoa emateko aukera izan du jendeak, eta sari hori Arrate Gutierrez Arosari ematea erabaki dute herritarrek. Horrela, ia bizitza osoa kirolari lotuta daraman eibartarrari eskerrak eman nahi izan dizkio jendeak.
Sari Nagusia, ostera, Mikel Lizarraldek jaso du. Kirola egiteak eskaintzen digunari beste dimentsio bat eman dio Mikelek, eta esklerosi anizkoitzarekin kirolaz gozatzea, posible ez bakarrik, onuragarria ere badela erakutsi digu. Gainera, ikus-entzunezkoen bitartez, kirolarekiko duen ikuspegia maisuki aurkeztu digu. Horren adibide da Zazpi dokumentala.
Omenaldietarako tartea ere egon da: urtero-urtero horrelako egunez Kirol Sariak banatzeko ekitaldian egoten zen Dioni Kortina gogoratu nahi izan du …eta kitto!-k. Maiatzaren 1ean hil zen Kortina, eta haren familiak eta Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolari eta lagunak lora-sorta eta publikoaren txaloen berotasuna jaso dute.
Eta gaurkoan sorpresaren bat edo beste ere egon da: orain arte Eibarko Kirol Sariak antolatzen zituen Jose Luis Gorostegiri errekonozimendua egin diogu …eta kitto!-ko lankide eta lagunek.