Gaur ekin dio ...eta kitto!-k "Nirekin hasi euskaraz" kanpainari herriko 27 tabernatan

Bi astez luzatuko da herriko tabernetan euskararen erabilera sustatzeko helburua duen kanpaina
Gaur ekin dio ...eta kitto!-k "Nirekin hasi euskaraz" kanpainari herriko 27 tabernatan
2026/05/18 16:12
Maider Aranberri Sarasua

Gaurtik hasita eta hilaren 29ra arte "Nirekin hasi euskaraz" izeneko kanpaina berria jarri du martxan ...eta kitto! Euskara Elkarteak. Taberna-giroan euskararen erabilera bultzatzea du helburu euskara elkartearen ekimen berri honek eta horretarako hainbat material banatu ditu herritarren eta ostalarien artean. "Batetik, hala nahi duten ostalariek, kanpainaren leloa daraman pin-a eramango dute soinean; horrek esan nahi du, eurengana hurbiltzen den bezeroak, lehenengo hitza edo agurra behintzat, euskaraz jasoko duela. Herritarren kasuan gauza bera, baina pin-a beharrean pegatinak dituzte eskura, tabernetan bertan eta ...eta kitto! astekarian".

Dinamika erraz horrek asko lagundu dezakeela iritzio diote ...eta kitto!-tik: "Hitz bakar batek dena alda dezake, lehen hitza edo agurra euskaraz egitea bezalako keinu txikiak ateak zabaltzen diozkio euskarari". Horrez gainera, euskaraz ez dakitenetzat euskarri batzuk jarri ditu ...eta kitto!-k tabernetako barretan ikusgai, euskarazko esaldi errazekin, "ez dakienak edo gutxi dakienak, behintzat, eskura izan ditzan agurra egiteko hitz erraz batzuk".