Gaur emango zaie hasiera ez ofiziala Ermuko jaiei
Gaurtik izango dugu Debabarreneko beste herrietako jaiez gozatzen hasteko aukera. Ermura joatea besterik ez dugu, astebururako hainbat ekintza antolatu baitituzte. Horrela, gaur, 23:00etan, Maria Pelae abeslariak kontzertua eskainiko du San Pelaio plazan. Biharko egunean zehar kirol txapelketak, erakusketa-txakurren lehiaketa, Urkora igoera, mus txapelketa, euskal dantza emanaldia eta DJ festa egingo dira, 23:00etan En Tol Sarmiento taldeak kontzertua eskaini arte.
Domekan eta astelehenean ere zenbait ekintza egingo dira. Hala nola, domekan musika eta dantza jaialdian Brasil eta Hungariako doinuak eskainiko dira, eta astelehenean playback lehiaketa ospetsua hasiko da. Martitzenean, bestalde, umeen eguna izango denez, haurrei zuzenduriko ekintzak egingo dira egun osoan zehar.
Egitarau ofiziala
Santixauak, ofizialki, hilaren 24an hasiko dira. 19:00etan, txupinazoa botako dute eta ohiko kalejira egingo da. 22:00etatik 03:00etara, Martxoak 8 plazan, techno jaialdia egingo da, eta Vulkano Show orkestraren jaialdia eskainiko dute 23:00etatik aurrera.
Hurrengo egunean, 25ean, haurrentzako parkea jarriko dute eta eguerdian herri-kirol ikuskizuna egongo da. Arratsaldean eta gauean pilota partiduak, erraldoiak eta buruhandiak, Joselontxos txarangarekin kalejira, larrain-dantza, euskararen aldeko konpromiso-topa, zirko kale ikuskizuna eta dantzaldia egongo dira.
Hilaren 26a aurreko eguneko egitarauaren paretik joango da. Txirri, Mirri eta Txiribitonen ikuskizuna, mariatxien emanaldia eta gauean egingo den Rock Jaialdia nabarmendu daitezke.
Jaien azken eguna 27an ospatuko dute, ohiko paella lehiaketarekin. Horrez gain, egunean zehar ekintza ugari egingo dira eta haurrentzako parkeak jarriko dituzte.