Gaur gauean Martin Bonoren ikus-entzunezkoa emango dute San Andres elizako klaustroan
Arrate Kultur Elkarteak, urteroko martxari jarraituta, hainbat ikus-entzunezkoren proiekzioak eskaintzen dihardu egunotan, San Andres elizako klaustroan eta gaur (eguena, uztailak 5) Martin Bono argazkilari eibartarraren Praga eta Berlin izenburukoa eskainiko dute. Bere irudiei esker hiri bietan barrena bidaiatzeko aukera izango dute ikusleek.
Eta egitaraua biribiltzeko, ohikoa den moduan, barixakuan zuzeneko emanaldia eskainiko du Teatro Interior taldeak (hau Arrate Kultur Elkartearen lokalean izango da). Arrate Kultur Elkarteak eta Teatro Interior taldeak elkarlanean hasi zirela 10 urte betetzen dira aurten eta, horregatik, Republicados taularatzeaz gain, zerbait berezia prestatzen dihardute. Emanaldi guztiak 22.30etan hasiko dira eta sarrera librea izango da.