Gaur hasi da Neguko Beherapenen Azoka edo “Factoring”-a

Eibarko Dendarien Elkarteak Udalarekin batera antolatzen duen Neguko Beherapenen Azokak gaur goizean zabaldu ditu ateak Errebal Plazan, herriko agintarien eta merkataritza-sektoreko ordezkarien parte-hartzea izan duen ekitaldian.
Gaur hasi da Neguko Beherapenen Azoka edo “Factoring”-a
2026/02/24 13:25
Silbia Hernandez Arrazola

Herriko merkataritza sustatzeko urtero antolatzen den “Factoring” edo beherapenen azoka hiru egunetan, gaur, bihar eta etzi (otsailaren 24, 25 eta 26an) egingo da, 10:00etatik 20:00etara, Errebal Plazan. Oraingoan 20 establezimenduk hartuko dute parte (horietako hamalauk Errebalen eskainiko dituzte merkealdi bereziak, eta beste seik dendan bertan). Errebalen postua ipini duten dendak Atelier 11, Burbujas y más, Design by Nona, Eskulan, Gigil Design, Glow Up, Gratzina, Guby, Helmet House, Kopiña, No Comment, Otaola Deskantsu Denda, Tximeleta eta Txukuna dira. Eta promozio bereziak establezimenduetan egingo dituztenak, berriz, Askasibar, Bambi, Cedry, Farmalur Berria, Oskarbi, Pissa eta Vieco.


Aurten, erosketak sustatzeko asmoz, zozketak egingo dira azokan erosten duten pertsonen artean: lehenengo egunean, 25 euroko 4 opari-txartel zozketatuko dira; bigarren egunean, 25 euroko beste 4 txartel, eta, hirugarren egunean, 100 euroko opari-txartel bat zozketatuko da, …eta kitto! Euskara Elkartearekin lankidetzan. Zozketatuko diren txartel guztiak azokan gastatu beharko dira.


Ohikoa denez, …eta kitto! Euskara Elkarteak ere postua izango du hiru egunetan, goizez (10:00etatik 12:30era), Euskeraz Primeran kanpaina sustatzeko. Ekimenaren helburua eibartarrak dendetan euskaraz egitera bultzatzea da. Aurten, panel bat egongo da, eta herritarrek euskararekin lotutako esaldi labur bat idatziko dute. Mahaiak proposatzen duen jolasean parte hartzen dutenei poltsa bat emango zaie, eta 100 euroko Oparitu Eibar txartel baten zozketan sartuko dira. Zozketa ostegunean egingo da (otsailak 26), 12:00etan, …eta kitto!-ren mahaian bertan.