Gaur hasi da Untzaga plaza Memoria Demokratikoaren Leku izendatzeko prozesua
Gaur, apirilak 14, Espainiako II. Errepublikaren aldarriaren 94. urteurrenean hasi da ofizialki Untzaga plaza Memoria Demokratikoaren Leku izendatzeko prozesua. Horren harira Eibarko Udalak antolatu duen ekitaldian Fernando Martínez Memoria Demokratikoaren estatu-idazkaria, Marisol Garmendia, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaria, eta Maria Jesús San José Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburua egon dira, udal-ordezkariekin eta bertaratu diren herritarrekin batera.
Izendapena Jon Iraola alkateak 2023ko maiatzaren 12an aurkeztutako eskaeraren emaitza da. Fernando Martinez estatu-idazkariaren berbetan, “Memoria Demokratikoaren Legearen esparruan, Eibarrek bi gertakarirengatik merezi du Memoriaren Leku izatea: 1931ko apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatu zuen Espainiako lehen hiria izateagatik, eta 1937ko apirilean Espainiako Gerran Errepublikaren eta haren nazioarteko aliatuen aurka matxinatutako armadako hegazkinek egin zituzten bonbardaketa tragikoengatik”.
Alkateak adierazi duenez, “gaurko aitortza pauso garrantzitsu bat da gure memoria kolektiborako. Poztu egiten gaitu bereziki Estatuko historia demokratikoan Eibarrek izan zuen papera baloratu izana. Merezitako aitortza bat da Eibarko herriarentzat, eta denboran zehar balio demokratikoak defendatu dituzten pertsonentzat".
Bestalde, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak euskal sozialismoak askatasunarekin, herritartasunarekin eta bizikidetzarekin izan duen konpromiso historikoa aldarrikatu nahi izan du, eta harrotasunez gogoratu ditu 1931n errepublika libre eta demokratikoa aldarrikatu zuten zinegotziak.
Aitortza jaso ondoren, Untzaga plaza Memoria Demokratikoaren Lekuen Estatuko Inbentarioan sartuko da. Horrek esan nahi du Udala behartuta egongo dela haren kontserbazioa, seinaleztapena eta interpretazio historikoa bermatzera, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legean ezarritakoaren arabera.
Udaletxean izan den ekitaldia amaitu eta jarraian, Eibarko sozialistek urteroko moduan gogoratu dute Errepublikaren aldarria, Untzagako Herriaren Etxeko balkoian Errepublikaren bandera igota eta, jarraian, Txaltxa Zelaian txapligoak jaurtiz.