Gaur hasiko da Durangoko Azoka, inoiz baino nobedade gehiagorekin
Gaur hasiko da Durangoko Azoka eta domekara arte edukiko ditu ateak irekita Landako guneak. Kopuruei dagokienez, inoizko daturik baikorrenak izango ditu azokak, 285 erakusmahai, 1.026 nobedade eta 273 kultur ekitaldiko programa eskainiko direlako bertan. Aurten, gainera, bi atal berri izango ditu: podcastei lotutako Berbategia eta arte ederrei buruzko Atartea.
Euskal kulturaren jaialdia izan nahi du, beste urte batez, Durangoko Azokak. Abenduaren 5etik 8ra ekintzaz beteko da Durango (ez bakarrik Landako gunea) eta aldez aurretik emandako datu positiboak (inoizko azokarik oparoena izango da) borobildu nahi izango dituzte bertan biziko den giroarekin.
Aurten 60 urte beteko dira lehen Durangoko Azoka egin zenetik eta, Gerediaga elkartetik diotenez, azoka heldutasunera iritsi da. Horregatik, urtero lelo berriak asmatzearen sasoia atzean laga eta ‘Kulturaren jaialdia’ leloari jarraituko diote hemendik aurrera. Irudian ere bada nobedaderik, ez duelako irudi bakarra izango, irudi “infinituak” baizik, Iratxe Reparaz artistaren eskutik.
Guneetako eskaintza
Datu praktikoei begira, azoka 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, azken egunean ezik, 18:00etan itxiko delako. Azokaren muina Landako gunean aurkituko dugu, bertan egongo baitira 285 erakusmahaiak eta aurkeztuko diren nobedadeak. Tartean, Su Ta Gar musika talde eibartarrak eta Eibarren egoitza duen Badihardugu euskara elkarteak postua jarriko dute. Eta horrez gain, Talaia (gogoetaren gunea) eta Puntu Morea ere Landakon jarriko dituzte.
Landakotik kanpo, hainbat gune aurkituko ditugu: Kabia (teknologia digitalen plaza, Irazabal parkean), Ahotsenea literatura (literaturaren plaza, Montevideo etorbidean), Saguganbara (haurren plaza, Elkartegian), Irudienea (ikus-entzunezkoen plaza), Szenatokia (arte eszenikoen plaza, San Agustin kultur gunean), Ahotsenea musika (musikaren plaza, Plateruenan) eta Eskuahaldunak (eskultoreen plaza, Ermodo kalean). Gainera, aurten beste bi gune berri egongo dira: Atartea (arte ederren plaza, Durangoko museoan) eta Berbagailua (podcasten plaza, Madalenako ermitan).
Ahotseneak 18 urte beteko ditu aurten eta 34 kontzertu eta 49 liburu aurkezpen hartuko ditu. Irudienean 35 ikus-entzunezko lan eskainiko dira, besteak beste, ‘Jone, batzuetan’ filma, Akelarre musika taldearen ibilbidea islatzen duen ‘Akelarre: marearen kontra’ lana eta ‘Irabazi arte’ telesailaren hurrengo denboraldiaren aurrestreinaldia. Szenatokia guneak antzerki maratoi formatuan antolatu du bere eskaintza eta, egunero, hiru konpainiak bina emanaldi egingo dituzte gutxienez, guztira 24 izango direlarik. Kabia guneak espazio propioa izango du aurten eta tailerrak, egitasmoen aurkezpenak, ‘gamer gela’ eta rol partidak eskainiko dira bertan, besteak beste. Saguganbarak umeentzako 25 ekitaldi inguru hartuko ditu, hala nola ipuin kontalariak, musika saioak, tailerrak eta mahai jokoak. Eta Talaian nobedadeen aurkezpenak egingo dira.
Baita gauean ere
Azokaren jardun gehiena eguneko orduetan biltzen da, baina gauean ere egingo dituzte hainbat ekintza. Horrela, Ahotsenean, Szenatokian eta Talaian egingo dituzte gaueko saioak.
Gaur, abenduak 5, Lukiek eta Ezezez taldeek kontzertua emango dute, 23:30ean, Plateruenan. Bihar, toki eta ordu berean, Mirua eta Naxker taldeen kontzertua egongo da. Aurretik, 21:30ean, Behe Banda poeta kolektiboak ‘Zeri idatziko diogu orduan?’ saioa eskainiko du Ahotsenea literatura gunean. Eta etzi, 20:00etan, ‘Heriotza Eduardo du izena’ emanaldia taularatuko dute Szenatokian; 20:30ean, Paul Urkijoren ‘Gaua’ filma emango dute Irudienean; eta 21:00etan, Bittor Kapanga kulturgilea gogoratzeko ikuskizuna eskainiko dute Xabier Amurizak, Gontzal Mendibilek eta Joseba Sarrionandiak Talaia gunean.
Durangoko Azokatik garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute eta, Eibartik joan eta gaueko eskaintzaz gozatu nahi izanez gero, Euskotrenek zerbitzu berezia eskainiko du abenduaren 5ean, 6an eta 7an , Matiko/Bilbo eta Eibar artean (E1 linean).