Gaur hasiko da Eibarko dendetan deskontuekin erosteko bonuen kanpaina berria

Bonu-txartelak on-line bakarrik erosi ahal izango dira, gaur 10:00etatik aurrera, www.erosieibarren.eus webgunearen bidez.
Gaur hasiko da Eibarko dendetan deskontuekin erosteko bonuen kanpaina berria
2025/06/03 09:49
eta kitto!

Gaur ipiniko dute martxan Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bonu-txartelen kanpaina berria. Beste batzuetan bezala, merkataritza- eta zerbitzu-sektoreetako deskontuak eskainiko dituzte. Merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduetako erosketa-bonuek 40 euroko kostua izango dute, eta 50 euroko balioa duten erosketak egiteko erabili ahalko dira.  98 establezimenduk hartuko dute parte kanpainan (zerrenda www.erosieibarren.eus webgunean kontsultatu daiteke). Bestalde, bonu-txartelak on-line bakarrik erosi ahal izango dira, gaur 10:00etatik aurrera, www.erosieibarren.eus webgunearen bidez.

Erositako bonuak aukeratutako erosketa-puntuan jasoko dira erosketa egin eta bi egun balioduneko epean, betiere ekainaren 30aren aurretik.  Bonua jasotzeko orduan erosketaren ordainagiria aurkeztu beharko da. Nahi adina bonu jaso daitezke, bakoitza bere ordainagiriarekin. Estaziño kaleko Burbujas y más eta Fermin Calbetoneko Óptica Lacuesta establezimenduetan jaso daitezke.
Gehienez ere, NAN bakoitzeko bi bonu erosi ahal izango dira. Bonuak erosteko epea ekainaren 26an amaituko da, edo agortzen direnean, eta bonuen bitartez produktuak edo zerbitzuak eskuratzeko gehienezko epea ekainaren 30era bitartekoa da. Data horren ondoren, txartelak baliogabetuta egongo dira eta diru hori ezingo da inolaz ere berreskuratu. Txartelak hutsik daudenean, erabili diren azken establezimenduan utzi behar dira, horrela beste kanpaina batzuetarako birziklatu ahal izateko.
Eibarko Udalak diruz lagundutako kanpaina da, eta Nafarroako Rural Kutxaren lankidetzarekin antolatu dute.