Gaur hasiko da dilisten bilketa Zaporeak-Lesbos Proiektuari laguntzeko

Eibarren pardina dilistak batuko dira hainbat lekutan, baita ...eta kitto! Euskara Elkartean ere
Gaur hasiko da dilisten bilketa Zaporeak-Lesbos Proiektuari laguntzeko
2024/03/18 10:24
eta kitto!

Gaur, martxoak 18, hasiko da Zaporeak-Lesbos Proiektuaren erronka solidarioa. Mireia Alonso eibartarrak beste sukaldari batzuekin batera antolatutako erronkan, aurreko urteetan bezala, Greziako errefuxiatuei jaten emateko elikagaiak bilduko dituzte. Janari-bilketa martxoaren 22ra arte egingo da, eta Eibarren, iaz bezala, pardina dilistak batuko dira, jarraian aipatzen ditugun toki hauetan: T. Etxebarria kalean (Arat hortz-klinikaren azpian), ikastetxeetan, Teknikerren, Debegesan, Ipuruako Jubiletxean, Untzagako Gizarte Etxean, Amañako kioskoan, SD Eibarko dendan, eta ... eta kitto! Euskara Elkartean. Bestalde, bihar, Eibar - Villarreal B partiduaren aurretik, 15:00etatik 16:00etara, dilistak jasoko dituzte sarreran, SD Eibarko armarriaren azpian.

Janari-bilketarekin batera, Zaporeak proiektuari laguntzeko beste bide batzuk daude. Horrela, premia duen talderen bati hilero laguntzen dioten Guridi tabernakoek, urtarrilean eta otsailean bildu dituzten 600 euroak Zaporeak elkartekoei ematea erabaki dute, argazkian ikusten duzuen moduan.

 

Kanpainaren amaiera, martxoaren 23an Errebalen

Kanpainaren amaiera-ekitaldia, berriz, Eibarko Errebal Plazan egingo da, martxoaren 23an, 14:00etatik 15:00era. Egun horretan tuper solidarioak salduko dituzte, 5 eurotan.  

Zaporeak-eko kideek azaldu dutenez, “sei hilabeterako joan ginen Greziara, eta jada zortzi urte daramatzagu hango errefuxiatuei jaten ematen. Gaur egun 3.050 otordu banatzen ditugu egunero, eta horretarako janari, boluntario eta diru asko behar da”. Hori dela eta, Eibar eta inguruko herritarrei erronkarekin bat egiteko dei egin dute.