Gaur hasiko da VIII. Gilda Lehiaketa 19 tabernarekin
2023/12/12
12:38
eta kitto!
Gaurtik ostegunera arte iraungo du aurtengo Gilda Lehiaketak. Guztira 19 tabernak eman dute izena eta epaimahaiak taberna horietako gildak probatuko dituzte datozen hiru egunetan. Aurkezpena, originaltasuna, zaporea eta berritzailetasuna hartuko dituzte aintzat gildak baloratzeko orduan eta, iaz egin zen bezala, aurten ere hiru sari egongo dira jokoan: epaimahaiak bi emango ditu, gilda tradizionalari eta berritzaileenari, sari bakoitza 150€-koa; eta herritarrek ere gehien gustatu zaien gilda sarituko dute, hori ere 150€-rekin. Botoa ematen duten herritarren artean bi lagunentzat asteburuko egonaldia zozketatuko da. Aurtengo epaimahaia Mireia Alonsok, Iosu Mugerzak eta Xabier Albizuk osatzen dute. Gilda Lehiaketa …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen du Euskeraz Primeran! kanpainaren barruan. Egitasmo horrekin, herriko tabernetan ere, euskeraren erabilera bultzatu nahi da.