Gaur hasten da erosketen ibilbidea
Jarduera hau Eibarko Dendarien Elkartea/Gipuzkoa Merkatariak-en ekimenez antolatzen da eta ...eta kitto! Euskara Elkartearekin, Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin eta Eibarko Udalarekin lankidetzan garatzen da.
EROSKETA-IBILBIDEA kanpainak aurreko edizioetan izan duen arrakasta ikusita, antolatzaileek espero dute aurtengoan ere euskararen erabilerari bultzadatxoa emateko balio izango duela. Izan ere, Eibarren bertan kontsumitzeko erraztasunak emateaz gain, bertako hizkuntza erabiltzeko aukera ematea bezeroei kalitatea eskaintzea da.
Kanpainan parte hartzea oso erraza da eta dinamika orokorra iazkoaren berbera da. Hau da, bezeroak 10 erosketa egin behar ditu kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan, eta ematen dioten kartillan 10 erosketa horien tiketak eta establezimenduen zigilua jaso behar ditu. Euskaraz egin badute, gainera E (Euskeraz Primeran!) pegatina ere jasoko du eta horrela 40€ beharrean 50€-ko txartel-saria jasoko du behin Eibarko Merkatarien Elkarteak kartilla berrikusi eta balioztatu ondoren.
Oparitu Eibar txartelak kanpainan parte hartzen duten establezimendu elkartuetako edozeinetan gastatzeko dira, ekainaren 18a baino lehen. Opari-txartelak kartilla 10 zigiluekin betetzen duten lehen 140 bezeroentzat izango dira.