Gaur inauguratuko diren bi argazki erakusketekin hasiko da Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren Eibarko Tourra

Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloak bere 24/25 Tourra Eibarren hasiko du, azaroan Donostiako CIMASUB jaialdian arrakasta handia lortu eta gero. Eibarko Klub Deportiboko Urpekaritza Batzordearen eskutik, datozen egunetan ozeanoaren magia esku-eskura izango dugu.
Gaur inauguratuko diren bi argazki erakusketekin hasiko da Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren Eibarko Tourra
2024/12/02 18:07
eta kitto!

Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat goiburuari jarraituta, gaur arratsaldean bi argazki erakusketa inauguratuko dituzte: Cimasub Argazki Lehiaketara aurkeztutako lanak Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan ikusi ahalko dira gaurtik aurrera, abenduaren 15era arte. Eta Eibarko Klub Deportiboaren lokalean, berriz, Deporreko urpekariek egindako argazkiak egongo dira ikusgai, abenduaren 30era arte.
Horrekin batera, Cimasub jaialdiko lanen proiekzioak eskainiko dituzte, itsas-azpiko irudi ikusgarriekin: datorren astean, abenduaren 11n, 12an eta 13an izango dira emanaldiak, Coliseo antzokian, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, “opari bat itsaspeko dokumental eta film laburren bidez kontatutako istorio harrigarriez gozatu nahi duten guztientzat”. 
Txikienentzat, berriz, Itsaspeko Txikizikloa eskainiko da: abenduaren 11n, 10:00etan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako saioa egingo da Coliseon, eta abenduaren 14an, 12:00etan, familientzat pentsatutako saio irekia.