Gaur palako partidua eta bihar eskuz pilotako sei hartuko ditu Astelenak

Gaurkoan Gisasola eibartarra eta Astigarragako Luluaga izango dira protagonista
Gaur palako partidua eta bihar eskuz pilotako sei hartuko ditu Astelenak
2025/02/06 12:56
eta kitto!

Klub Deportiboko pilotariek jardunaldi betea izango dute aste honetan. Hasteko, gaur 20:30etik aurrera Gipuzkoako Gomazko Paleta Txapelketako buruz burukoa jokatuko da 7 koadroaren barruan, Gisasola eibartarra eta Astigarragako Luluaga protagonista direla.

Biharko jaialdia ez da makala izango, guztira sei partidu izango baititu, 17:45etik aurrera. Lehendabizi, Gipuzkoako Txapelketako Eskuz Binakakoan, lehen faseko azken jardunaldiari dagozkion partiduak ikusi ahal izango dira Errendimenduko gaztetxoen artean: infantiletan, Eibarko Colmenero-Agote eta Antzuolako Insausti-Iturbe izango dira lehian; ondoren, alebinetan, etxeko Arrieta-Uskola bikoteak Lasarteko Gorostidi-Jauregi izango du aurrez aurre.

Jarraian, Udaberri Torneoko bosgarren jardunaldiko lau norgehiagoka jokatuko dira: kadeteetan, euren multzoko bigarren den Eibarko Amillategi-Del Rey bikoteak Tolosako Gabarain-Garciaren kontra egingo du; jubeniletan, etxeko Amuategi-Azpilikueta eta Beasaingo Aranburu-Sanchez izango dira nor baino nor. Eta senior mailako bi partidukin itxiko da jaialdia, bietan puntu interesgarriak jokoan izango direla: Narvaiza-Agirresarobe bikoteak Alegiko Irurrioz-Oiarbide izango du aurkari, eta Ibarra-Condek Legazpiko Aguirre-Perez.