Gaurko txupinazuarekin hasitta, asteburu osua beteko dabe Amañako Jaixak
Aurreko barixakuan aurkeztu zittuen auzoko Kaja Laboralian, betiko moduan, asteburu hau eta hurrengua hartuko dittuen Amañako Jaixak. Jose Antonio Alberdi Gomak egin zittuan aurkezpen lanak Amañako Jai Batzordiaren izenian eta ekitaldixan hainbat erakunde eta personalidade omendu zittuan, “hórrek egindako biharra, modu apalian bada be, errekonozitzeko”. Holan, Eibar Foball Taldeko Xabi Iruretagoiena atezaiñak, Juan Luis Mardaras presidente-ohiak, Angel Fernandez Zapico utilleruak eta Javier Sarrionaindia zuzendaritzako kidiak komisiñuaren oroigarrixa jaso eben eta, horrez gaiñ, Revista Eibar-ek “urte askuan egindako aportaziñua” sarittu nahi izan zeban Gomak, Margari Olañeta publikaziñuaren gaur egungo zuzendarixari bere senarra izandako Jose Mari Kruzetaren erretratuaren erreprodukziñua eta brotxe bat oparittuta.
Programaziñuari dagokixonez, gaur 19.00etan botako dan txupinazuak ipiñiko dau egitaraua martxan. Ipurua Gimnasia Erritmikakuak jaurtiko dabe eta, jarraixan, kalejiriak, umiendako jokuak eta entzierro txikixak beteko dabe tartia, gabeko musika kontzertu itzelari ekiñ aurretik: hor Berriozarreko Malaputa, Barakaldoko Porco Bravo eta Getxoko Dead Bronco taldiak berotuko dabe, “ondo berotu be”, goizaldera arte iraungo daben ikuskizuna. Adin guztietarako jaixak “ume, heldu edo nagusi izan, danak hartzen doguz kontuan programia egitterakuan”.
Horri jarraitzen detse antolatzailliak eta, holan, bixar umien eta helduen danborradak izango dira, Amaña-Urko-Amaña krosarekin eta su artifizialarekin batera. Etzi, bestalde, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots paillazuak eta Golden Apple Quartet izango dira (eurixa egitten badau, eskolan), txorizo-jana eta pintxo-potearekin batera. Hurrengo asteburuan auzoko jubilauendako bazkarixa eta bertso-afarixa izango dira ekitaldi nagusixenak. Jarraixan, programa osua:
Amañako Jaixak 2014
Uztailak 4, barixakua
19.00.- Jaietako txupinazoa, gimnasia erritmikako Ipurua Klubaren eskutik.
19.00.- Kalejira, Oiartzungo Zo Zongo elektro-txarangarekin.
20.00.- Umeendako joko-jaialdia, Gorritirekin.
21.00.- Entzierro txikia.
23.30.- Musika kontzertu itzela, Mala Puta, Porco Bravo eta Dead Bronco taldeekin.
Uztailak 5, zapatua
11.00.- El Corte Inglés Maskoten IV. Lehiaketa, 3. solairuko terrazan.
12.00.- Umeendako Aire Libreko pintura, Amañako plazan. Jarraian, marrazki guztiak ikusgai jarriko dira plazan.
16.30.- Umeendako parkea: gaztelu puzgarriak, zezen mekanikoa eta espumaren jaia.
18.00.- Amaña-Urko-Amaña El Corte Inglés Sari Nagusia herri-krosaren irteera.
19.00.- Txokolate-jana, ume guztientzat. Eroskiren laguntzarekin.
19.15.- Pintxo-potea.
19.15.- Umeen danborrada, Ermuko Irulitxa txarangak lagunduta.
21.00.- Entzierro txikia.
22.45.- Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanarekin.
23.00.- Helduen danborrada, Ermuko Irulitxa txarangarekin.
00.30.- Berbena, Scorpio orkestra nafarrarekin.
Uztailak 6, domeka
11.00.- Auzoan hildakoen eta eibartar guztien aldeko meza, Amañako parrokian.
12.00.- Salda eta txorizoa bildutako guztientzat, Amañako plazan.
13.00.- Lorontzi lehiaketa, Amañako plazan. Alfa enpresak eta Eskarne jatetxeak lagunduta.
18.15.- Pirritx, Porrotx eta Mari Motots munduko pailazo onenen ikuskizuna.
19.15.- Txorizo-jana eta potea.
19.30.- Txokolate-jana, ume guztientzat. Eroskiren laguntzarekin.
20.15.- Golden Apple Quartet laukote ospetsuaren emanaldia.
Uztailak 11, barixakua
14.15.- Auzoko jubilatuendako bazkaria, Unzaga Plaza hotelean.
21.30.- Bertso-afaria Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin, El Caserío jatetxean.
Uztailak 13, domeka
11.00.- Meza Amañako parrokian, Goruntz abesbatzarekin.