Gaztañerre ospatzeko ohiturari eutsi diote eibartar askok aurten ere
Urtero bezala, AEK euskaltegiko ikasle, irakasle eta lagunak Paloma tabernan elkartu, eta Amañaraino kalejiran joan ziren, Eibarko Musika Eskolako soinujoleek lagunduta. Urtero beraiekin batera Gaztañerre ospatu duen Marisa Guillermo ikasle-ohia ospitalean dagoela eta, berari kantatzen aritu ziren pareko pasealekutik, animoak emateko. Ondoren, Amesti tabernan afari-merienda ederra eginda amaitu zuten ospakizuna.
Bestela ere, eibartar askok afaria egin zuten, Gaztañerreko menuan sekula falta ezin diren barraskilo eta gaztainekin. Ospatzen duten eibartarren artean gehienak nagusiak izan arren, badago ohiturari jarraitzen dion gazte talderik ere. Eta beste herrialde batzuetatik gurera etorritako askok ere jaia berea egin eta gaztainak jaten ospatu zuten atzoko eguna.