Gazteak eta indar ariketak: nola eragiten diete?

Ion Azpiazu entrenatzailearengana jo dugu indar ariketek nerabe eta gazteen artean duten eragina nolakoa den jakiteko
2025/10/03 10:46
eta kitto!

Gero eta nerabe eta gazte gehiagok jotzen du gimnasioetara. Askotan jarri da ezbaian eurentzat komenigarria den indar-ariketak egitea, eta zalantza hori argitu nahi izan dugu.

Ion Azpiazu entrenatzailearengana jo dugu indar ariketek nerabe eta gazteen artean duten eragina nolakoa den jakiteko, baina lehenik eta behin galdetu nahi izan diogu ea gure susmoa egia den: Gero eta gazte gehiagok jotzen dute gimnasiora indar ariketak egitera? “Bai, badago joera hori”, diosku irmo, eta berak “albiste ona” dela deritzo.

Argi eta garbi uste du joera positiboa dela, eta bere ustez, joerak jarraitzen badu, “eta horrela izango dela dirudi”, gizartearentzat ere positiboa izango da. “Osasuntsuago egongo garelako”, bere iritziz. “Adibidez, mugimendu patroiak ondo landuz gero, lesioak ehuneko handi batean ekidin daitezke; eta, luzera begira, eguneroko jardueretan hobeto sentituko gara. Hori da onurarik handiena”.

Dena dela, zenbait alderdi kontuan hartzea komeni dela esan digu eta alde txarrak ere badituela. “Adibidez, gazteei dagokienez, uste dut sare sozialek kalte handia egiten dutela”, diosku. “Sare sozialetan ikusten duten guztia agian ez da zuzena, informazioa filtratu egin beharko litzateke. Horrela, gero eta gazte gehiagok egiten dituzte indar ariketak, baina euren helburua askotan estetikoa izaten da. Arlo estetikoa indar ariketen ondorioetako bat izan beharko litzateke, ez helburu nagusia. Nor bere buruarekin ondo sentitzea, beste kirol jarduera batzuek gustura egin ahal izateko gaitasuna edukitzea edo egunerokoan hobeto sentitzea izan beharko lirateke helburuak”, bere ustez.

 

Entrenatzaileen garrantzia

Azpiazuren iritziz, “indar ariketekin zenbat eta lehenago hasi, hobe”. Hori bai, esan digu hainbat gauza kontuan hartu behar direla: “Nerabeek koordinazio falta izan dezakete (mutilek neskek baino gehiago), ezin zaizkie mugimendu patroi oso zailak jarri… Baina, era berean, inpaktua edo lan-karga jasotzeko erraztasun handiago dute, eta baita mugimendu-patroiak edo mekanikak barneratzeko ere”.

Gauzak horiek ondo nola egin jakiteko eta kontrolatzeko, entrenatzaileen lana berebizikoa dela iritzi du Azpiazuk: “Oso garrantzitsua da horrelako ariketak egiteko entrenatzaile baten begiradapean aritzea. Gazteek informazio falta dute eta asko hedatu da jarduera hauen aktibitatea. Beraz, oso garrantzitsua da entrenatzaile bat edukitzea eta jarduerak modu presentzialean egitea”.

Indar ariketen inguruan pentsatzean, askori pesa erraldoiak etorriko zaizkie burura, baina indar ariketak modu askotan egin daitezke. Zentzu horretan, Azpiazuk azpimarratzen du gorputz guztiak ezberdinak direla eta ariketak pertsona bakoitzari egokitu behar zaizkiola. Dena dela, orokorrean berba eginda, “gazteen artean potentzia eta egonkortasuna landu beharko lirateke batez ere”, bere iritziz. Lan hori eginda, indar ariketak ondo landu ahal izango dituztela esan digu eta, horrela, eurentzat ez dela lan zaila izango.

“Arlo estetikoa indar ariketen ondorioetako bat izan beharko litzateke, ez helburu nagusia”

Eta behar baino indar ariketa gehiago egiten baditugu? “Den-dena neurrian egin behar da”, diosku entrenatzaileak. “Normalean, gazteek errespetua diete indar ariketei eta pisu gutxi hartzera jotzen dute. Era berean, lehia ez izaten saiatzen gara. Indarra lantzeko konfiantza hartzea eta euren gustukoa izatea lortu behar dugu entrenatzaileok. Konfiantza hartzen dutenean eta abilak direla ikustean motibatu egiten dira, baina ez dira pasatzen”. Gainera, bere ustez, “indar ariketak epe luzean landu beharko lirateke”, eta horregatik entrenatzaileen ardura izan beharko litzateke indar ariketak egiteko gogoa sustatzea.

Esan bezala, bakoitzak bere neurrira egin behar ditu indar ariketak, baina gainetik esanda eta ulertuta entrenamendu bakoitzaren iraupena ordubetekoa izaten dela, “astean bi edo hiru aldiz egin beharko lirateke”, Azpiazuren ustez. “Egun bakarra gutxi da eta hiru baino gehiago gehiegi iruditzen zait, batez ere nerabeengan. Ulertu behar dugu gorputzak adaptazio batzuk dituela eta horiek jaso edo barneratu behar dituela. Bolumen edo pisu asko sartzen badugu, kaltegarria izan daiteke. Dena dela, gazteen artean ez dut uste indar ariketak hiru egun baino gehiagotan egiten direnik, beste mota batzuetako jarduerak ere egiten dituztelako”.