Gazteek kirol arloan euskaraz gehiago egiteko gakoak identifikatu dira “D ereduko kirola” proiektuan

Gazteek kirol arloan euskaraz gehiago egiteko gakoak identifikatu dira “D ereduko kirola” proiektuan
2019/03/29 11:22
eta kitto!
D ereduko kirola ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu dira aste honetan Real Sociedad-en Zubietako instalazioetan. Hiru urtez ikerketa esperimentala egin da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bost kirol-klubetan. 10 eta 16 urte arteko kirolari gazteen eta haien entrenatzaileen hizkuntza-portaerak eta bizipenak hurbiletik ezagutzeko aukera eman du proiektuak. Soziolinguistika Klusterraren proiektua izan da, eta lankidetzan garatu da UPV/EHUko ikerlariekin, Urtxintxarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzak proiektua babestu dute eta zuzeneko partaidetza izan dute.

Proiektuaren ondorioetako bat da kirola berariazko esparru gisa lantzearen beharra. Kirol arloan osatu eta aberastu egin liteke gazteek eskolan euskararen ezagutza eta erabilerarako jasotzen duten oinarria, baina horretarako garrantzitsua da eskolako eredua bere horretan ez errepikatzea, baizik eta egokitzea. Kirol-taldea garrantzia bereziko eremua da jokalari gaztetxoen bizitzan. Taldeko bizipen kolektibo horretan aukera egokiak daude euskararen erabileraren aldetik helburu eta erronka berriak elkarrekin landu eta lortzeko.

Ikerketaren beste ondorio bat da entrenatzaile eta kirolari gazteek euskara gehiago erabili ahal izateko baldintza egokiak sortzea helduen egitekoa da nagusiki. Klubetako arduradunek aukera dute kirol-taldea euskarazko erabilerarako gune babestu izan dadin irizpideak markatzeko eta giroa sortzeko.

Gaiari buruzko informazio gehiago:

http://www.soziolinguistika.eus/es/node/6913

http://www.soziolinguistika.eus/deredukokirola

D eredua