Gazteen euskara erabilerarekin arduratuta

Gazteen euskara erabilerarekin arduratuta
2014/07/07 00:00
eta kitto!

Azterketa egiteko lau lagunek 618 lagun elkarrizketatu dituzte, galdetegi zehatzari jarraituta. Iazko ekainaren 10etik 21era kontrol taldeari egin zitzaizkion galderak eta uztailaren 1etik 30era, berriz, lagin osoari zabaldu zitzaion galdetegia. Erantzunak aitorpen bidez jaso zituzten, hau da, galderari erantzuten joan ahala, galdetzaileak esandakoa idazten joaten zen eta, metodologia hori erabiltzean fidagarritasuna %96an kokatzen dute adituek.
…eta kitto! Euskara Elkartearen helburua euskararen erabilera sustatzea izanik, horretara ailegatzeko urte osoan hainbat jarduera eta programa garatzen dituzte elkartean, tartean 2000. urteaz geroztik udalak eskatuta urtero egiten den euskararen erabileraren inguruko kale neurketa. Ainara Labado normalizazio arloko arduradunak azaldutakoari jarraituta, "urteroko kale neurketetan jendearen adina, herriko zonaldea, testuingurua eta helduen presentzia izaten ditugu kontutan, besteak beste, eta horrez gain gazteen erabilera modu berezituan neurtu ohi dugu". Urtetik urtera batzen joan diren datuek erabilera kontuetan adinak zeresan handia duela eta gaztaroa estrategikoa dela oso argi laga dute: "Umeen erabilera nahiko altua izatetik (%42) gazteen erabilera ertain- baxua (%24) izatera pasatzen da, helduen erabilera baxura (%16) gerturatuta. 2011an hasi ginen gai honekin kezkatzen eta horretan sakontzeko premia somatzen. Izan ere, ume izatetik heldu izaterako bide horretan 'zerbait' gertatzen da eta, gainera, 'zerbait' horren ondorioz jaisten da erabilpena. Gaitasuna badago, zergatik ez dugu berba egiten? Euskara bizitzako funtzio guztiak betetzeko gauza da? Norekin egiten dute gazteek euskaraz? Non? Zenbat? Horiei eta beste galdera batzuei erantzuna bilatzeko nahiak bultzatuta, ikerketa egiteko premia ikusi genuen eta 2012an, hainbat aditurekin biltzen ibili eta gero, ikerketaren gaia definitu genuen: euskararen erabilera Eibarko gazteen artean 2013an."
Labadok argitu digunez, "gazteak aukeratu izana ez zen kasualitatea izan, beraz. Benetan estrategikotzat dauzkagu, etorkizuneko helduak izango direla albo batera lagata ere, gazteek erabilera esparru gehien ikutzen dituen adin-taldea ere osatzen dutelako. Hezkuntza, aisialdia, lan mundua, familia, sare sozialak… Horregatik, esparru horiek guztiak aztertu ahal izateko, gaztaroa modu zabalean ulertzea erabaki genuen, 18- 28 urte bitarteko gazteei arreta ipinita". Ezin da ahaztu, gainera, gaztaroan finkatzen direla hizkuntz-ohiturak.
Bestalde, Labadok argi laga nahi du azterketatik haratago joan nahi dutela, "hutsune eta premiak antzemateaz gain eragitea ere nahi dugu-eta. Horretarako, ikasturte hasieran, irailean, bigarren aurkezpen bat egiteko asmoa daukagu. Izan ere, ahalik eta eragile gehien batu nahi dugu, denek elkarrekin parte-hartze prozesua hasteko. Prozesu horretan bakoitzak bere proposamenak egin eta lantzeko aukera izango du eta, horregatik, bertan landutakoa ahalik eta aberasgarriena izateko, parte-hartzea ahalik eta zabalena izatea komeni da. Gure ardurarekin bat egiten duten guztiak gonbidatu nahi ditugu aurkezpen zein erabilera areagotzea helburutzat duen prozesuan parte hartzera animatu daitezen, batez ere gazteekin eta euskeraz jarduten dutenei, ikastetxeei, aisialdi zein kirol taldeei… orohar, edozelako eragileei".